Astekaria

"I. Enduro Sprint Irañetan egindako lanarekin oso gustura geratu nintzen"

Maider Betelu Ganboa

Irene Beraza Larreta, 125 cc-ko Beta motorrarekin. UTZITAKOA

Nafarroako Txapelketan lan ona egin eta goian egotea nahi du Irene Beraza 14 urteko pilotu irintarrak.

Irailaren 6an l. Enduro Sprint proba jokatu zen Irañetan, Beraza Training Team taldeko kideek antolatuta. Bertan lehiatu ziren 50 pilotuen artean Irene Beraza Larreta 14 urteko gazte irintarra zegoen. Irene 2024ko Nafarroako cross country eta enducross txapelduna izan zen 25 cc-ko kategorian, eta 2025ean Nafarroako Cross Country txapelduna eta 18 urtez azpiko 125cc Nafarroako Enducross Txapelketan hirugarrena izan zen. Aurten Nafarroako Enducross Txapelketan goian egon nahi du. 

Irailaren 1ean I. Enduro Sprint Irañeta proba antolatu zenuten. Zein ezberdintasuna dauka orain arte antolatzen zenuten Enduro Txapelketarekin?
Distantzia eta proba egiten den tokia, bereziki. Enduroa Motocross eta cross country modalitateen arteko nahasketa da, proba luzea, kilometro askoko zirkuitua prestatzen baita basoan. Zirkuitu horretako hiru tokitan kronometratutako guneak daude, eta bertan azkarrago ibili beharra dago. Une osoan adi egon behar da, eta kontzentrazio handiko proba da. Enduro Sprintean, ordea, zirkuitua ez da basoan edo mendian egiten, gertuago baizik: pistetan, soroetan... eta distantzia laburragoa du, kronometratutako bi eremu daude. Irañetako Enduro Sprintean kronometratutako eremu bat 5 km-koa zen, eta bigarrena 2 km ingurukoa. Irañetan aurretik egiten genuen proba agian enducrossa zen gehiago enduro peto-petoa baino. 

Enduro, enducross, cross country, motocross... modalitate guztietan aritzen zara, baina enduroa omen duzu gustukoen.
Niri gehien gustatzen zaidana enduroa da. Beste modalitateak ere gustuko ditut, baina enduroa gehien. Aurten enduro eta cross country-an aritu nahiz gehienbat, eta motocross lasterketa bateon batean.. 

Irañetako Enduro Sprint lasterketako zirkuitua prestatzea lan handia izan da? Eremu oso ikusgarriak zeuden, belar luzeen artean sigi-saga ibili beharrekoak, harrien eta gurpilen gainetik pasa beharrekoak, lohi artekoak...
Aipatu dituzun elementuak (harriak, gurpilak, enborrak...) aurretik jarrita genituen zirkuituan, baina, egia esan, lasterketa bat prestatzea asko kostatzen da. Lan handia izan zen, baina jendea etorri zen laguntzera, eta elkarlanean arituta lanak azkarrago egiten dira. 

Zirkuitu zaila zen?
Niri hasieran ez zitzaidan oso zaila iruditu, baina azkeneko bueltetan zailtasun gehiago nabaritzen nuen, motor gainean luze egon ginelako. Enduro Sprintean pilotuak banaka ateratzen gara, eta aipatu bi eremu horietan egiten dugun denbora neurtzen digute. Azkarrago egiten duena da txapelduna.

"Irañetan Adela Godino eta Carla Castellanoren atzetik sailkatu nintzen. Oso onak dira, oso azkar aritzen dira eta asko entrenatzen dute, kataluniarrak direlako"

Zenbat pilotu lehiatu zineten?
Guztira 50 inguru ginen. Gustatuko litzaiguke pixka bat gehiago izatea, baina lehendabiziko edizioa izateko zenbaki polita da, ongi dago. Bederatzi kategoriatan jokatu zen proba: 18 urtez azpiko 125 cc, junior, senior C, trofeoa, master 45, senior, 65 cc, 85 cc eta 125 cc. Ni 125 cc mailan aritu nintzen. 

Udako protagonista beroa izan da. Irañetan sufritu al zenuten?
Lehen partaidea 10:00etan atera zen, eta azkena 10:40ak aldera. Proba 13:00ak aldera bukatu zen eta hasieran ez, baina gero bai, beroa nabaritu zen. 

125 cc kategorian nola joan zen lasterketa?
Nire mailan hirugarren izan nintzen (1:16:50), Adela Godino txapeldunaren (1:04:44) eta Carla Castellanoren (1:11:37) atzetik. Oso gustura eta pozik geratu nintzen egindakoarekin. Bigarren edo hirugarren postuetan egotea espero nuen, baina lehenengoan ez, Adela Godino oso ona delako, eta Carla Castellano ere bai. Nik 14 urte ditut eta beraiek nik baino urte bat gehiago dute, 15 urte, baina pilotatzen ni baino azkarragoak dira. Adela laugarren izan zen sailkapen orokorrean, pentsa. Asko ibiltzen dira motorrean, oso azkar, eta asko entrenatzen dute, kataluniarrak direlako. Katalunian lasterketa asko egiten dira, zirkuitu asko daude eta oso ohituta daude. Horregatik, azkarrago doaz, errodaje gehiago dute. Katalunian motorren munduak garrantzia handia du. 

Normalean hemen inguruko lasterketetan aritzen al zara?
Denetatik. Hemengo probetan aritzen naiz baina Kataluniara ahal dudan lasterketa guztietara joaten saiatzen naiz, han pilotu gehiago daudelako, lasterketak oso politak direlako eta asko ikasten dudalako. Ni baino hobeak diren pilotuak, eta ni baino kaxkarragoak direnak, denetatik. Lasterketan zaudela atzetik estutzen zaituzte, azkarrago joan beharra duzu, aurrekoa gainditzen saiatzen zara... Katalunian neska gehiago daude; hemen gehienetan mutilen kontra bakarrik lehiatzen naiz, nire kategoriakoak bakarrik mutilak direlako. Hemengo lasterketetan oso gustura aritzen naiz, baina han desberdina da, neskak daudelako.

Zer nahiago duzu, mutilekin edo neskekin lehiatzea?
Biekin. Mutilekin gustura aritzen naiz, mutilak azkar doazelako; mutilen kontra lehiatzea gustuko dut, eta nesken kontra gustura aritzen naiz ere. Geroz eta neska gehiago gaude mundu honetan, baina mutilak askoz ere gehiago dira oraindik. 

"Hemen mutilekin lehiatzen naiz, eta Katalunian neskekin. Mutilekin eta neskekin, biekin gustura lehiatzen naiz"

Sakandar gehiago lehiatu ziren?
Osaba Marcos Beraza senior mailan bigarren izan zen (58:41) eta Josu Diaz 11. (1:09:37), Oier Sarazibar juniorretan seigarren sailkatu zen (1:09:47), Miguel Angel Perez senior C mailan lehena (51:13) eta Andoni Etxeberria 7. (56:42)...

Irañetako Enduro Sprintean, beraz, sentsazio onarekin geratu zineten?
Bai, sentsazio oso onekin. Zirkuitua asko aprobetxatu genuen, eta oso gustura egon zirela esan zuen jendeak. 

Marcos Beraza osabak sortutako Beraza Training Team da zure taldea. Osaba Espainiako Enduro txapelduna izan da, kirol honetan figura handia. Berarekin hasi zinen motorrean?
Osaba Marcosekin, aitarekin, beste osaba batekin... beraiekin ikasi nuen motorrean ibiltzen. Beraza Training Team taldean sei gara guztira. Gehienak nire adinaren bueltan ibiliko dira, eta txikiagoak ere badaude. Taldean giro ona dugu. Ni naiz sakandar bakarra, gainontzekoak Iruñekoak eta inguruetako herrietakoak dira. Irañetan entrenatzen dugu, eta kanpora atera behar badugu batzuetan joaten gara Errioxara, bestetan Burgosera, Altsasura... 

Aurtengo denboraldia nolakoa izaten ari da?
Denboraldi honetan momentuz ongi ari naiz; oraindik zenbait lasterketa falta dira denboraldia bukatzeko. Otsaila inguruan hasten gara ekainera arte, udan egutegia geratzen da eta abuztu bukaera aldean hasten gara berriz. Hemendik aurrera asteburu ia guztietan lasterketak ditut. Duela bi asteburu Katalunian aritu nintzen, aurrekoan atseden hartu nuen, baina irailaren 27an beste lasterketa batean ariko naiz, Katalunian edo hemen, oraindik ez dut erabaki. Urriaren 3an Nafarroako Txapelketako proba bat dut Allotzen, urriaren 10ean Antzinen eta urriaren 18an Cintruenigon. Beraz, topera. Nafarroako Txapelketan lehiatzen ari naiz, eta momentuz bigarrena naiz. Ea datozen probatan nola aritzen naizen eta lehenengo postura igo naitekeen. Bestalde, Kataluniako lasterketetan sumatzen dut azkeneko lasterketatik hobetu dudala. Beraz, ongi. 

Zeintzuk dira helburuak?
Nik nahi dudana da denboraldia ongi bukatzea. Ea Nafarroako Txapelketan nola sailkatzen naizen. Lehenengoa izatea gustatuko litzaidake, baina ea.

Irañetako zirkuitua entrenatzeko probesten duzue?
Bai. Udan bertan entrenatzen aritu gara, zirkuitua aprobetxatzeko, eta orain ere erabiltzen ari gara, lasterketetarako ongi egoteko. Gogotsu nago, eta ilusionatuta. 

Zein da zure motorra?
Orain 125 cc-ko Beta motorra dut. Oso gustura aritzen naiz berarekin, tamaina hartuta diot. 

Egun duzun maila izateko asko entrenatu beharra al dago?
Baietz esango nuke. Ni ahal dudan guztia entrenatzen saiatzen naiz. Udan gehiago entrenatzen dut, eta neguan ez gelditzen saiatzen naiz. Nahikotxo entrenatzen dut, eta entrenamenduak ikasketekin ongi uztartzen ditut. 

Datorren urtean 15 urte beteko dituzu. Kategoria berean segiko al duzu?
Bai, 125 cc mailan segiko dut. 16 urterekin egingo dut aldaketa 18 urtez azpiko 125 cc-ra. 

Datorren urtean Irañetan Enduro Sprint antolatzen segitzeko asmoa baduzue?
Enduro Sprint probekin jarraitzeko asmoa dugu, enduro mailako lasterketak prestatzea gaur egun zailagoa delako. Izan ere, enduroa prestatzeko mendian gehiago sartu beharra dago, eta beroa eta sute arriskua dela eta, ezinezkoa da. Eta datorren urtea nola datorren.