Gaur aukeratuko da mankomunitateko lehendakaria

Guaixe 2007ko irailaren 4a

Bilera horretan ibarreko 15 udaletako 29 ordezkariak bilduko dira eta bi hautagairen artean aukeratu beharko dute: Nafarroa Baiko Miguel Angel Zubiria eta EAE-ANVko Fran Balda. Sakanako Mankomunitateko batzarrean koalizioko 12 kide daude eta 9 alderdi ekintzailekoak. Horietaz gain, 5 independente, Alderdi Sozialistako 2 kide eta Ezker Batuko bakarra dago. Aukeraketa sistemari dagokionez, gehiengo absolutua behar da hautagai batek kargua hartzeko. Lehen bozketa eta gero emaitza hori lortzen ez duen hautagairik badago, bigarren bozketa eginen da. Orduan gehiengo soila lortzen duen hautagaia izanen da kargua eskuratuko duena. Berdinketa kasuan biztanle gehien dituen herriko hautagaia litzateke lehendakari. HautagaiakMiguel Angel Zubiria Galartza urdiaindarra da. 56 urte ditu eta Magotteaux enpresako langilea da. Franco hil ondorengo udaletako kide izan zen eta bi legegintzalditan izana da Urdiaingo alkate. Aurretik ere ibarreko erakundeko lehendakari izana da, 1995-1999 urteetan. Fran Balda arbizuarra da. 40 urte ditu eta langilea da. Aurreko legegintzaldian Arbizuko Hitza zerrendan aurkeztu eta zinegotzi aukeratua izan zen. Legegintzaldi honetan EAE-ANVko zerrendan aurkeztu da.