Bateragarritasunaren aldeko ituna sinatzearen alde agertu da udala

Guaixe 2008ko otsailaren 8a

Txiki Iriarte alkateak azaldu digunez, udalaren asmoa da "bateragarritasunaren inguruan herrian eztabaida zabaltzea eta haren ondorioz gizarte plan bat sortzea, gizarteari eta udalari eraginen dieten neurri eta konpromisoekin. Udala bere konpromisoak hartzeko prest dago". Ituna sinatzeak diagnosia egiteko teknikari baten laguntza ekarriko luke eta hortik aurrera letorke plana. Alkateak aurreratu digunez, aurtengo aurrekontuetan bateragarritasunean sakontzeko 6.000 euroko diru saila aurreikusi dute. Baina hori ez da nahikoa izanen eta horregatik eskatu du udalak ituna sinatzea. Izan ere, Nafarroako Gobernuak bulkatzen duen agiri horren bidez udalak laguntza jasotzeko aukera izanen luke. AtakondoaIlbeltzaren 23an Irurtzungo eskola bisitatzen egon ziren Hezkuntza kontseilari Carlos Perez Nievas eta departamentuko zuzendari nagusi Patxi Esparza. Haiekin batera ikastetxeak hartzen dituen herrietako alkateak ere izan ziren bisitan, tartean Irurtzungoak eta Arakilgoak. Gobernuko kideek bisitaren ondoren onartu zuten ikastetxean zenbait gauza gaizki zeudela. Hala jakinarazi digu Txiki Iriartek. Irurtzungo alkateak azaldu digunez "departamentuak apirila bitartean 3-6 eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) zikloak aztertuko ditu". 3-6 zikloaren inguruan udaberrian zerbait jakinen dute udalek eta ikastetxeak. DBHri dagokionez, alkateak azaldu digu "departamentuaren asmoa" dela "azterketa orokorra egitea, ez soilik Irurtzungoa". Bitartean, Irurtzungo Udalak tramiteak hasiko ditu eskatzeko herrian 0 eta 3 urte bitarteko zikloa jartzea. Dirudienez, ez da ikastetxe berririk aurreikusten. TrenaIrurtzungo Udalak abenduko bilkuran bere egin zuen Arakilgo Udalak abiadura handiko trenaren (AHT) inguruan aurkeztutako mozioa. Horren ondorioz, Irurtzungo Udalaren asmoa da AHTren kontrako plataformarekin biltzea. Udalak gaiaren inguruko informazio jardunaldiak antolatu nahi ditu eta haietan egitasmoaren aldeko eta kontrako iritzia duten pertsonek parte hartzea. Informazio jardunaldi horien ondoren Irurtzungo Udalaren asmoa litzateke herri galdeketa bat egitea, "serioa, adostua eta loteslea".