Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hain zuzen ere Sakanako Mintzakide egitasmoaren berri emateko sortu da bloga, http://sakanamintza.blogspot.com. Han egitasmoaren inguruko berriak, eginen diren ekintza osagarriei buruzko informazioa eta bestelakoak jasoko dira. Horretaz gain, talde sustatzaileen, ibarreko komunikabideen eta beste antzeko egitasmoen berri ematen du blogak. Jakina denez, Mintzakide egitasmoa Sakanan euskara ikasten ari direnei edota hizkuntza erabilera ohiturak aldatu nahi dituztenei euskara praktikatzeko sortu da. Bide batez pertsona horiek eta beste herrikide euskaldunak ezagutzeko bidea emanen du Mintzakidek. Azken finean, euskaldunen erabilera sareak sortzeko asmoa du. Horretarako euskara ederki dakien pertsona bat eta hain ongi ez dakien beste bat edo pare bat bilduko dira, astean ordu batez. Nahi duten jardueraren bidez euskara praktikatzeko aukera izanen dute. Oraindik ere izena ematen interesaturik balego sakana_mintza@aek.org e-postara joz edo 948 468 258 telefonora hots eginez egin dezake. Mintzakide egitasmoa Sakanako Mankomunitateak, AEK-k, Bierrik elkarteak eta Aizpea, Kima eta Pikuxar euskara taldeek bultzatzen dute, Udalbideren laguntzaz. Web orriaSakanako Mintzakide moduko hizkuntza praktikatzeko egitasmoak pixkanaka euskararen geografia guztia hartzen ari dira. Gero eta gehiago da halako ekimenekin bat egiten duen jendea. Mintzapraktika egitasmoak bultzatzeko AEK, Euskara Elkarteen Federazioa den Topagunea eta hainbat erakunde publiko elkarlanean ariko dira. Eta elkarlan horretatik sortu da www.mintzapraktika.org web gunea. Bertan, mintzapraktika talde "fisikoek" aukera izango dute foroetan parte hartu eta haien blog propioak sortzeko, baina, gainera, inguruan talde fisikorik ez duten lagunek ere mintzapraktika plataforma birtual gisa erabili ahal izango dute web gunea, ahozko komunikazioa ahalbidetzen duten tresnen bidez.