Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zaldibiko Kemen dantza taldeak ibilbide bera egiteko asmoa aspaldi zuen. Baina mendizaleak ez zirenez etapaka egitea otu zitzaien. Horretarako egokia aurreko asteburua zela iruditu zitzaien eta, hala, aurreko ostiralean, 12:30ean Zaldibiatik abiatu ziren eta lehen etapan Aralarko guardetxeraino iritsi ziren. BideaKemen Dantza Talde zaldibiarreko 15 kidek osatu dute "dantzarien ibilbidea" deitutakoa. Hura egiteko Irurtzungo Iratxo Mendi Taldearen ezinbesteko laguntza izan zuten. Urte hasieran jo zuten Kemeneko kideek haiengana laguntza eske. Irurtzungo mendizaleek aholkatu zieten dantzari zaldibiarrei 2. eta 3. etapa egiteko ibilbide egokienak zein izanen ziren. Hala, aurretik haietako zenbaitekin bi etapa horien zatiak ibili edo nondik norakoak azaldu zizkieten. Mendizale irurtzundarren aholkuei jarraituz, larunbatean 15 dantzariek guardetxetik abiatu, Aralarko Santutegira igo eta handik Madozko bidea hartu zuten. Madoztik Irurtzunera jaitsi ziren mendizaleak. Iratxo elkartean afaldu egin zuten eta entsegu txiki bat ere egin zuten, duela 151 urte bezala, zaldibiarrek Iruñean dantza egin behar baitzuten. Irurtzunen lo egin eta gero, Iratxoko kideek aholkatuta Iruñera joateko Plazaolako trenbidearen ibilbidea baliatu zuten dantzariek. Iruñera 12:45ean iritsi ziren. Atseden pixka bat hartu eta Burgoen plazan dantzaldia eskaini zuten.