Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Migel Angelek berak adierazi du "turismoak Sakanan potentzialitate handia" duela. Aldi berean gogora ekarri du 1999, 2000 eta 2001ean turismo bulegoa martxan izan zela. Eta aurreratu du mankomunitatearen hurrengo bileran udalei horren inguruan galdetu ahal diela. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren laguntzak jasotzeko Turismo Departamentuan alta eman beharra dago. Ibarreko erakundeko lehendakariak ez du baztertu turismoa bezala, beste sektoreren bat bultzatzeko mankomunitatean beste batzorderen bat sortzea, "beti ere udalak ados badaude, prozedura bat eta finantzabideak behar baitira". Partzuergoa indargabeturikAstelehenean bildu zen Sakanako Garapen Partzuergoa. Bilkura hartan erabaki zen karguak ez berritzea, eta, beraz, erakundea indargabetzea. Sakanako Garapen Partzuergoa ez da deseginen, "kaxoian" geldituko da inoiz haren beharra badago berreskuratu ahal izateko. Migel Angel Zubiriak azaldu digunez, hainbat udalekin hitz egin zuen partzuergoaren etorkizunaren inguruan, erakundea ahalik eta zabalen izatea ezinbesteko jotzen baitzen. Berak esandakoaren arabera Irurtzun, Irañeta, Uharte, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Urdiain, Altsasu, Olazti eta Ziordiko Udalek "ez zuten garbi ikusten garapena nola landu daitekeen. Gauza bat da beste toki batzuetan dauden Turismo Partzuergoak. Baina garapen integrala nola?" Jasotako inpresioen transmisore eginez Migel Angel Zubiriak esan digu: "eztabaida edo hausnarketa foroa behar bada horretarako dago mankomunitatea. Ez da bikoizketarik behar. Mankomunitatean eztabaidatuko da behar den guztia". AsmoaAurreko legegintzaldian Sakanako Garapen Partzuergoko lehendakari izan zen Arkaitz Errazkinek adierazi digunez, "kontuan hartuz udal asko aldatu direla, bilerara orain arte egindako bidea azaltzera joan ginen". Arkaitzek esan digunez azaldu zuten "aurreko legegintzaldian partzuergoaren egitasmoa osatu gabe" gelditu zela eta legegintzaldi berrian "zuzendaritza berritzea eta prozesua burutzea" zela haien asmoa. Arkaitzek adierazitakoaren arabera ordezkari gehienak "mankomunitatearen bidez lan egitearen alde agertu ziren, horrela erakunde bikoizketa saihesten zelako". Erakundeko lehendakari izandakoak azaldu digunez, partzuergoaren alde agertu zirenak argudiatu zuten "udalak ez diren eragileak ere erabakiak hartzeko aukera dutela partzuergoan eta halakorik ez dela gertatzen mankomunitatean". Arkaitzen irudipen pertsonala da "alferrik egindako lan pila batekin" gelditzearena. Berak esan digunez, "Altsasuko Udala integratzeko ahalegin handiak egin genituen. Kontuan gehien hartu genuen udala zen, ustez alde zegoelako". Partzuergoa egun honela dago osatuta: Arbizu, Ergoiena, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Olazti eta Ziordiko udalak, Sakanako Mankomunitatea, LAB eta Landa Alojamentuen Elkartea.