Aurrekontuaren % 0,7 garapenera bideratuko du udalak

Guaixe 2007ko azaroaren 20a

Diru sailaren beste erdia Irurtzunekin lotura duten egitasmoei laguntza emateko bideratuko da. Horregatik garapenerako proiektuak laguntzeko oinarriak onartu ziren. NaBaik eta UPNk alde bozkatu zuten eta EAE-ANVren abstentzioa eman zuen. Ekintzaileen ustez aurretik zeuden oinarrietan aldaketa txiki batzuk besterik ez ziren egin eta "egina zegoela" pentsatzen zuten. ImmigrazioaUGT sindikatuak urteak daramatza lan orientazio zerbitzua ematen Irurtzungo kultur etxean. Asteazken arratsaldeetan eskaintzen die zerbitzua irurtzundarrei. Irurtzungo Udalak erabaki du sindikatuarekin harremana normaldu egin behar zela eta horregatik lankidetza hitzarmena sinatu dute. Lankidetza hitzarmen horren barruan lan aholkularitzaz gain, sindikatuko immigrazio departamentuak zerbitzua ere aurreikusten da. Hala, hileko lehen eta hirugarren asteazkenetan, 09:30etik 13:30era, Laura Lergak immigrazioarekin zerikusia duen edozein gairi buruzko argibideak emanen ditu. Zerbitzu hori azaroaren 14an jarri zen martxan. EAE-ANV egoitza uztearen alde agertu zen, baina ez zuen hitzarmena sinatzearen beharrik ikusten. TresnaIrurtzungo Udalak berriki onartutakoaren arabera, bere bizkar hartuko ditu kaleak garbitzeko lanak. Orain arte enpresa batek egiten zituen lan horiek, baina horrekin moztu du udalak. Irizpide ezberdinak sortu ziren enpresak erabilitako makina udalak eskuratzearen inguruan. Udal aholkularitzak zioen ez zegoela inolako konpromisorik enpresari hura erosteko. Udalak makina 19.000 eurotan erosi zuen. Alkatetzako taldeak zioenez "udalaren egoera ekonomikoa ez da egokiena eta etorkizunean makineria erosi beharra dago". EAE-ANV kontra azaldu zen "halako makina behar izanez gero deialdi ofizial bidez erosteko" eskatu zuen. Alkatetzako taldearen asmoa da kale garbiketa eta berde gune gehienen mantenua udalak egitea. Babestutako gizarte enpleguaren bidez eginen omen dira lanok. Azkenik, Irurtzungo Udalak ezinduendako aparkatze txartelak emateko ordenantza onartu du.