Nafarroako Larrialdi agentziaren erakustaldia

Guaixe 2007ko azaroaren 27a

ErakustaldiaGoiz guztian Zelandi ikastetxe publikoko, Iñigo Aritza ikastolako, Corazonistak ikastetxeko ikasleak eta jubilatu elkarteko kideak izan dira parte hartzen. Altsasuko suhiltzaileen buru Josemi Larreak guztiei harrera egin zien. Iortia kultur gunean larrialdi agentziari buruzko bideoa ikusi eta gero, gelditu ziren zalantzak galdera-erantzunen txandan argitu ziren. Ondoren Burunda pilotalekuan erreanimazio kardiakoari buruzko tailerretan parte hartu zuten. DYAk eta Gurutze Gorriak eman zituzten. Gainera, hainbat material eta kartelen erakusketa zegoen ikusgai. Kultur guneko plazan bi simulakro egin zituzten. Aurrenekoan Iortiako teilatuan zauritua zegoen pertsona jaitsi zuten eta, bestean, auto istripuan zauritutako 3 pertsona ibilgailuetatik erreskatatu zituzten. Guztia ikasleen begirada arretatsupean. Jardunaldian parte hartu zuten: Nafarroako salbamenduko txakur taldeko 3 kide eta 3 txakur; Gurutze Gorriko 10 kide, bi anbulantzia eta kanpaina ospitalea; DYAko 15 kide, 2 anbulantzia, kanpo argiztapenerako ibilgailua eta kanpaina ospitalea; 12 suhiltzaile eta hainbat ibilgailu eta medikua hartu dezakeen helikopteroa ere. Suhiltzaileen protestaErakustaldia egiten ari zen bitartean, Altsasuko suhiltzaileen parkeko langile batzuek haien egoeraren berri ematen zuten esku-orriak banatu zituzten. Suhiltzaileak kexu azaldu dira aurki "parkean lan egiten dute langile taldea 26tik 21era" pasako dela, "horrela erabaki duelako Nafarroako Larrialdi Agentziak". Suhiltzaileen arabera neurri horrek parkean "egunero 3 suhiltzaile bakarrik egotea" ekarriko du. Suhiltzaileek diotenez, "edozein irteera dela eta, Altsasuko parkea itxita geratuko da, askotan denbora luzean gainera". Hori eragozteko parkean lanean 4 suhiltzaile egotea eskatu dute suhiltzaileek. Eta larrialdi agentziaren erabakia "ulertezina" da haien ustez. Diotenez, Altsasuko parkeak eskualde zabala eta populatua hartzen du. Irteera bat izanez gero, Iruñetik laguntza etortzea 40 minutu kostako litzatekeela diote suhiltzaileek. Gainera, antzeko baldintzak dituzten parkeetan 4 edo 5 suhiltzaile lanean daudela ere nabarmendu dute suhiltzaileek bere oharrean, "hemen zergatik ez?" galdetzen dute gainera.