Pirritx eta Porrotxek emango diote hasiera Aizpearen abenduko programa zabalari

Guaixe 2007ko azaroaren 30a

Talde euskaltzale irurtzundarrak abendurako prestatutako programazioarekin euskara bultzatzea du helburu, euskararen erabilera sustatu eta herri nahiz inguruak ezagutzeko grina piztu, beti ere euskaraz. Aizpeako kideek Nafarroaren Egunerako prestatu duten Pirritx eta Porrotxen saio berriaren estreinaldia nabarmendu dute, "jada ohitura bilakatu dena eta arrakasta ziurtatuta dakarrena" komentatu zuten antolatzaileek. Hala ere, abenduko programaren eskaintza zabala kontuan hartuta, adin denetako pertsonei dago zuzendua egitasmoa.EgitarauaAbenduaren 3an, astelehenarekin, Pirritx eta Porrotxen "Eskerrikasko" ikuskizunaren estreinaldiak zabalduko du programazioa. Ikuskizuna herriko kiroldegian eginen da 17:30ean. Sarrerak 5 euroren trukean dagoeneko Martxueta eta Pikuxar daude salgai. Orotara antolatzaileek 1000 sarrera jarriko dituzte eskuragarri. Programazioaren beste klasiko bat abenduaren 6an egingo den txangoa da. Aurtengoan Tuterara eginen da irtenaldia. 8:30an abiatuko dira Irurtzundik eta Nafarraoa hegoalderantz abiatuko dira. Tuteran Sueskun margolariak gidatuta berriztatu duten katedrala bisitatuko dut, horretaz gain, juderia, beste jauregi batzuk... etab ezagutzeko parada izanen da. Elkarrekin bazkalduko dute, eta ziurrenik bazkal osteko kantu eta algarak ez dira faltako. Txangorako izen-ematea abenduaren 4raino egin daiteke, Martxueta, Pikuxar edo Iratxon. Bidaiak 15 euroko prezioa dauka. Abenduaren 12an euskarari erreparatuko irurtzun aldekoek. 19:30ean herriko kultur etxean Jose Luis Erdozia etxarriarraren bisita izanen dute. Euskal filologoak Irurtzun eta Arakil aldeko euskararen xehetasunak, bitxikeriak... plazaratuko ditu. Aizpeako kideek azaldu zutenaren arabera "Erdoziari Irurtzun aldean zentratzea eskatu diogu eta teknizismoak baino, abesti zaharrak, bertako hitz ahantziak... ezagutzera ematea gustatuko litzaiguke, zerbait praktikoa eta ulerterraza". Hilaren 22an, 21:30ean, bertso afaria eginen da Iratxon. Ongi afaldu eta gero, Maddalen Lujanbio eta Sustrai Kolina bertsolariek girotuko dute afalostea. 15 euroren trukean eskuratu ahal izango da afarirako txartela Martxueta, Pikuxar edota Iratxon. Abenduaren 20ra arte egin ahal izango da hori. Horrekin ez gutxi, eta bertso afarian bertan, "Euskararen Txapeldun" lehiaketako sariak ere banatuko dira. Irabazleen artean jakiz, edariz, liburuz nahiz musikaz beteriko sari erraldoia zozketatuko da, eta parte hartzaile denen artean beste sari txikiago bat. Eta bidaia luze honi amaiera emateko, munduan barrena ibili diren irurtzundarren abenturen berri izateko aukera izanen da. Hori abenduaren 26an Pikuxarren, 27an Iratxon eta 28an Pikuxarren eginen da. Munduko beste txoko bat ezagutu duten haiek gerturatutakoei filminen bidez txoko horien berri emanen diete. Euskararen TxapeldunAizpea taldeak, Irurtzungo eta haren inguruko txoko, bitxikeria eta orokorrean herria ezagutzeko grina pizteko asmoz, Euskararen Txapeldun lehiaketa jarriko du abian beste urte batez. Hala ere, aurten berrikuntzekin etorriko da lehia. Etxe denetan galdetegi bat banatuko da, 15 bat galderarekin. Herritarrek hainbat galdera erantzun beharko dute, datu batzuk egiaztatu, txertatu diren argazkietako xehetasunak herriko karriketan bilatu... eta beste hainbat burutaziori erantzun. Galdetegia adin denetako pertsonei dago zuzendua. Behin erantzunak argituta, emaitzak Iratxo Elkartean entregatu beharko dira abenduaren 20a baino lehen. Egitasmo honekin herritarren parte-hartzea sustatu nahi da.