"Euskalgintzako erakundeak indartzearen alde" agertu dira zenbait eragile

Guaixe 2007ko azaroaren 29a

Sinatzaileei "ulergaitza eta larria iruditzen" zaie "Sakanako Mankomunitateak Kontseiluarekin duen hitzarmena hautsiko duela dioen zurrumurrua". Idatzia izenpetu duten erakundeak "beldur" dira "mankomunitatea sustengatzen duten Ziordiko eta Altsasuko udalek ziurtagiria berritzeari uko egin" diotelako eta hori izan daitekeelako "zurrumurrua beteko duen lehenengo urratsa". Aldi berean, berriki egindako Bai Euskarari ziurtagirien banaketa "arrakastatsua" gogora ekarri dute. Parte hartzeazIdatzia sinatu duten euskalgintzako erakundeak, bestalde, kezkaz hartu dute "mankomunitateko Euskara Batzordean euskara taldeon kopurua hirura mugatu eta bozka eskubidea kentzeko omen dagoen asmoa". Aipatu erakundeendako Sakanako euskalgintzak egungo "bilgune bakarra eta gure arteko koordinazioa galduko" lituzke. Bestalde, euskalgintzako erakundeei bozerako eskubidea izatearen alde agertu dira. Aldi berean, aipatu erakundeak ere "harrituta" gelditu dira "jakitean Urdiaingo nahiz Etxarriko Udalek udalerri euskaldunen mankomunitatea (UEMA) uztearen aukera mahai gainean jarri dutela". Euskalgintzako erakunde sinatzaileek "komuneko lanaren beharra" azpimarratu dute, baita hori egiteko "prestutasuna" ere.