Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
NaBaiko hautetsien haien oharrean azaldu dutenez, "ez dago inongo zurrumurrurik, edonoren eskura dagoen proposamen idatzi eta zehatza baizik". Argitu dutenez, "Mankomunitateko Euskara batzordeko buruak 2008rako antolamendu eta lan ildo nagusiak jasotzen dituen proposamena aurkeztu zuen. Proposamen hori NaBain eztabaidatu eta adostu ondotik Euskara Zerbitzuari, talde independenteei eta Altsasuko EAE-ANVri eman zitzaien, ekarpenak eskatuz eta adostasunera heltzeko borondate garbia zegoela azpimarratuz". Ez omen dute ekarpenik jaso. ProposamenaNafarroa Baiko hautetsiek uste dutenez, "berriro ere agertu dira euskararen inguruko eztabaida lasai eta normalizatua gauzatzerik nahi ez dutenak. Bestela ez da ulertzen, proposamena eskuratzeko aukera izan duten horiek, Euskara Batzordeko buruari bilera eskatu ordez, NaBairen aurkako kanpaina politikoa abiaraztea". Agiria sinatu duten hautetsiek ziurtatu dutenez, egindako proposamenean "ez da euskararen aurrekontua murriztuko". Argitu dutenez, "parte hartzea ez da murriztuko Euskara Batzordean. Bozka eskubiderik ez dute izango, Mankomunitateko beste batzordeetan gertatzen den bezalaxe". Horrekin batera, hautetsiek gehitu dute "gizarte eragileen parte hartze zabalago, anitzago eta eraginkorragoaren aldeko apustua" egin dela beste arlo batzuetako ordezkariei gonbidapena eginez. Horrekin batera, koalizioko hautetsiek baieztatu dute ez zaiola "elkarlanerako bidea itxi Kontseiluari, ez beste inori". Egindako proposamenak "egungo egoera hobetzen saiatzeko" egin direla diote hautetsiek idatzian.