Gonzalo Nicuesa

Guaixe 2007ko abenduaren 14a

Gustoko dut Iruñako kaleetatik norantzarik gabeko ibilaldiak egitea. Hala nenbilen joan den larunbatean. Oharkabean, San Frantzisko karrikatik nindoala, Item galeriarekin egin nuen topo. Pere Ballesen lanak zeuden ikusgai (azaroaren 30a arte). Eskegita zegoen dokumentazioan Mies Van der Roeren esaldiak irakurri zitezkeen. Ballesek, beste artista askok bezala arkitekto handiaren ekarpenak dakarzkigu gogora.Artearen mugak desagertu diren honetan, zaila da artista baten lana esparru batean kokatzea. Paretan jarritako margolanak eskultorikoak eta eskulturak piktorikoak izan daitezke. Ballesen lanarekin gertatzen den hau Ciudadelako Polvorinean dagoen erakusketa batean aurki daiteke.Gonzalo Nicuesak arkitektura du mintzagai, baina prozedura eta piezen xarma oso ezberdina da, goxotasun handikoa. Arkitektura bai, baina modu teorikotik aldenduta. Papera eta plastikoaren gainean egindako serigrafiak, argazkiak eta ordenagailuz prozesatutako irudiak erabiltzen ditu. Ez dira ez pintura ez eskultura.Donostia, Bilbo eta Iruñako kale eta eraikinak begiratzen ditu besteak beste. Baina ez du hiriaren itxura hutsa lantzen; bizi izan dituen kaleak dira, maitatzen dituen eraikinak, batzuetan nostalgiaz zipriztinduak, desio eraldatzailez berreraikiak bestetan. Hiria eta artistaren arteko erlazioa islatzen du. Zenbait pieza lantzeko lagunen argazkiak, hiriko irudi eta erretratuak erabiltzen ditu. Eraikin bakar bat edo objektu konkretu bat aski du beste batzuetarako.Oro har interbentzioa oso sotila da, kolore apur bat sartzean datza. Badaude ordea pixeletan desegiten dituen tapiz antzeko irudi potenteagoak. Ez da itxura kontua bakarrik, irudia apurtzearekin batera, honi dagokion ideia ere eraberritzen baitu.Arkitektura eraikin arrazionalak egiteko erabil daiteke, bai, baina sentiberatasuna azalarazteko esparru interesgarria ere bada. Hemen Gonzalo eta Pereren arteko ezberdintasuna: batak kontzeptu hutsa erabili ohi du; besteak bizipenak lantzen ditu muinera hurbiltzen delarik.Gonzalo Nicuesaren erakusketa Polvorinean dago ikusgai, abenduaren 24ra arte, arratsaldeko 6tatik 9tara.Miren Ustarroz