Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko aldietan bezala, talde batek proposatutako egitasmoa lagunduko du Itxipuruk. Oraingoan El Salvador Elkartasun Taldeak proposatu du. Esan bezala, bigarren eskuko objektuen azoka igandean izanen da. Bi Aizpe pilotalekuak 10:00etan zabalduko ditu ateak eta 19:00etaraino izanen da zabalik. Hori bai, bazkal garaian, 14:00etatik 16:00etara, itxita izanen da. Frontoitik pasatzen direnak, ohi bezala, arropa, elektra tresnak, liburuak eta bestelako erabilitako objektuak merke eskuratzeko aukera izanen dute. Gainera, 18:00etan, Kañachma taldeak Hego Amerikako musika emanaldia eskainiko du. Horretarako 30 musika tresna baino gehiago erabiliko dituzte eta guztien gaineko azalpenak emanen dituzte. GehiagoAzokaz gain, ekintza osagarri gehiago antolatu ditu Itxipuruk. Hala, igandera bitartean El Salvadorri buruzko argazki erakusketa ikusteko aukera dago Iratxon, La Moncloan, Pikuxarren eta San Martin Jubilatu elkartean. Horrekin batera, gaur, ostirala, Voces Inocentes film mexikarra ikusteko aukera izanen da, kultur etxean 21:00etan. Larunbatean Iratxo elkarteak elkartasun afaria hartuko du. EgitasmoaCinquera udalerria El Salvador iparraldeko Cabañas departamentuan dago. Inguru menditsua da. Gerra garaian militarrek aire erasoekin gogor jo zuten inguruan eta guztiz hustuta eta deseginda gelditu zen. Gaur egun jatorrizko biztanle batzuk, gerrillari ohi batzuk eta berriki etorri diren biztanleak bizi dira, 2.311 biztanle, hain zuzen. Gerraren aztarnak oso nabariak dira oraindik azpiegitura gabezia edo egoeran. Bizi iraupeneko nekazaritza eta abeltzaintzan aritzen da populazioa. Bizi izateko biztanleek natur baliabideak erabiltzen dituzte. Baina erabilera hori ez da beti zuzena eta ingurumen kalteak sortzen dira balio ekologiko handiko inguru batean. Hori dela eta, hainbat gobernuz kanpoko erakunde ingurumena zaindu eta zainketa horrekin bideragarriak diren produkzio molde alternatiboak garatzen hasi dira eta bide horretan sakondu nahi dute. Irurtzunen lortutako dirua egitasmo horiek laguntzeko bideratuko da.