Gobernuak Urdiain-Altsasu industrialde egitasmoa udaberrian onartzea aurreikusten du

Guaixe 2007ko abenduaren 19a

Migel Angel Zubiriak eta Unai Hualdek eskatuta bildu ziren aldeak astelehenean. Burundako alkateek industrialdearen egitasmoa zertan zen jakin nahi zutelako eskatu zuten bilera. Kontseilariarekin batera, azalpenak ematen NASUINSAko zuzendari gerente Ignacio Nagore izan zen. Haiek alkateei jakinarazi zietenez, "industrialdea tramitazioaren azken fasean dago". Unai Hualdek zehaztu digunez, "martxoan edo apirilean Lurralde Antolaketa Batzordeak eginen duen bileran udalez gaindiko plana behin betiko onartzea espero dutela esan zuten. Dirudienez, eskatu dituzten txosten guztiak aldekoak dira". IndustrialdeaGobernuko kideek azaldu zutenaren arabera industrialdearen udalez gaindiko planak "Urdiaingo zatiko ordenazioa, partzela kopurua eta haien azalera" zehaztuta du. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, Altsasukoarekin (industria eremu gisa definituta dago soilik) eta alkateak zergatia jakin nahi izan zuen. Jose Maria Roigek argitu zuenez, "Erdi Aroko Zangituko despopulatuan indusketak egin behar dira. Ateratzen diren aztarnen garrantziak baldintzatuko du garapena". Unai Hualdek esan digunez, "San Juan azpiko aztarnak ez omen dira hain garrantzitsuak". Gehitu duenez, "Zangituko ikerketa egitea luze joko du". Kontseilariak Urdiain-Altsasu industrialderen premia arrazoitu zuen esanez, "industria lur eskaera" dagoela. Udalez gaindiko plana onartuz gero, industrialdearen Urdiaingo zatiko heren bat (300.000 bat metro karratu) eginen lirateke lehenik, Altsasuko mugan dagoena zatian hain justu. Industrialdea "eskaeraren arabera" zabalduko litzatekeela aurreratu zuten gobernuko ordezkariek. Industrialdeak 3 sarbide izanen dituela ere esan zuen kontseilariak. Bi herriak lotzen dituen errepidean, Altsasuko autobiderako loturaren parean, borobil bat ere eginen. Altsasuko Udalak Ekonomia Garapenerako batzordean aztertuko du gaia ostiralean.