Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurrekoetan ez bezala, bigarren eskuko azoka irekitzeko garaian ez zegoen jende mordo bat atean, zain. Taldetxo bat zegoen. Horrek kezka sortu zuen Itxipurukoen artean, hotzak jendea etxean utziko zuenaren beldur ere izan ziren. Baina goizak aurrera egin ahala azokak hartu zuen bisitarien emaria agortezina izan zen. Hala, azokatik pasa zirenek arropak (Etxarri Aranazko mertzeria batek erabili gabeko arropa asko eman zuen), liburuak, elektratresnak, diskoak eta bestelakoak 1, 2 eta 3 eurotan erosteko aukera izan zuten. Azokako produktu garestiena 30 eurotan saldu zen ordenagailu bat izan zen. 1.287 euroko erosketak egin zituen jendeak. Saldu ez zena, ohi bezala, Emausko Traperoei eman die Itxipuruk. CinqueraItxipururen bigarren eskuko azokara hurbildu zirenak Cinquera herriko alkatearekin hitz egiteko aukera izan zuten. Hark El Salvadorreko txoko hartan bizi duten errealitatearen berri eman zien interesa azaldu zutenei eta lagundu nahi den egitasmoaren inguruko argibideak eman zituen. Jakina denez, Irurtzungo elkartasun azokan ateratako dirua Cinqueran ingurumena zaindu eta zainketa horrekin bideragarriak diren produkzio molde alternatiboak garatzen hasi eta bide horretan sakontzera bideratuko dira. JarduerakAzokan salmenta gehienak goizez egin zituen jendean, baina arratsaldez ateak zabalik izan zituen. Kontzertuan Hego Amerikako hainbat musika tresnen berri eman eta haiek nola jotzen ziren azaldu zieten bildutakoei. Hura despeditzean, bildutako guztiek txokolate beroa dastatzeko aukera izan zuten. Azokaz gain, egitasmoa laguntzeko Itxipuruk jarduera osagarriak antolatu zituen. Ostiralean Voces inocentes "jendearen gogoko" izan zen film "polita eta gogorra" ikusteko aukera izan zen eta sarrerekin 61 euro eskuratu ziren. Larunbateko elkartasun afarian bildu ziren 77 pertsonek 826 euroko ekarpena egin zuten. Gainera, Cinquerako alkatearen eta eskolako arduradun baten ahotik lantzen ari diren proiektuaren berri jaso zuten. Asteburuan, guztira, 2.174 euro bildu dituzte El Salvadorreko egitasmo horretarako. Hala ere, inork lagundu nahi badu, oraindik ere garaiz dago. Banku eta kutxetan zabalik dauden kontu korronteetan egin dezakete diru ekarpena. Itxipuruk kanpaina heldu den astean itxiko du.