Gauez Gau ikuskizun miresgarri bezain arrakastatsua

Guaixe 2007ko abenduaren 24a

350 pertsona inguru bildu ziren eta aretoa gainezka zegoela hasi zen narratzaile papera hartu zuen amona istorio mitologikoak kontatzen. Suaren inguruan kontatu ohi izan ditu beti amonak istorioak eta hala neska mutikoak bere inguruan biltzen ziren ikuskizunean. Kontakizun hauetan pixkanaka-pixkanaka euskal pertsonaia mitologikoak azaltzen joan ziren. Horrela, herensugea eta gizakien arteko borroka, galtzagorrien bihurrikeriak, Tartalo eta Basajaunen arteko borroka sutsua eta abar ikusi ahal izan zuten bertaratuek. Olentzeroren etorrera egun seinalatuaren bezpera izanik, horrek ere bere garrantzia hartu zuen ikuskizunean. Gure ikazkinak mendian hiru jentilekin topo egin eta haiekin lehian ibili ondoren Olentzeroren etorreraren berri antzeztu zuten itzal, argi eta irudimenaren bidez.Dantza eta musikaBaina Euskal mitologia ardatz izan zuen ikuskizunean ez ziren falta izan Orritzekoen euskal dantza tradizionalak. Sorgin dantza, kalejirak, ipurtxulo eta beste. Gauez Gau ikuskizunean musika ere garrantzitsua bilakatu zen. Josetxo Goia saxofoi-joleak izan zen antzerkiari erritmoa, tentsioa eta algara ematearen arduraduna. Hark Txema Garces biolontxelo jolea izan zuen lagun. Orritzeko fanfarrearen musikak, Irurtzungo gaiteroen doinu alaiak eta Oskar Estangaren gitarrak ere musika jarri zieten eskainitako dantzei. Emanaldia bukatu zenean eta parte hartu zuten 120 irurtzundarrak eskenatokira berragertu zirenean, ikusleen ezusterako Zanpantzarrak azaldu ziren ikuskizunari azken ukitua emateko asmoz. Amaiera borobila eman zioten hauek Gauez gau ikuskizunari eta Hala bazan ez bazan sar dadila kalabazan eta atera dadila Irurtzungo plazan!