Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Uharte Arakildik 09:00etan abiatu zen ibilaldia eta giro hotzari aurre eginez, pixkanaka jendearen berotasuna eta aldarrikapenak nagusitu ziren. Arruazuko beheko basoan barna Lakuntzara iritsi ziren eta han, Haizea elkartean, indarrak berreskuratzeko otamena izan zen. Egitekoarekin jarraituz, Arbizurako bidea hartu zuten, Lizarragabengoan barna Etxarri Aranatzera 13:00etan heltzeko. Etxarri Aranatzen manifestazio jendetsua izan zen eta eguna despeditzeko Etxarriko Gaztetxean mahaiaren inguruan bildu ziren sakandarrak.Ibilaldi guztian zehar AHTk ekarriko dituen ondorioen inguruko azalpenak eman zituzten adituek eta Lakuntzako abeltzain baten kezka eta egoera larria ezagutzeko aukera izan zuten oinezkoek. Ibilaldi horrekin,"AHTren makroproiektua salatu nahi izan da, lurraldearekiko eta gizartearekiko dakartzan ondorio larriengatik, hala nola, bere iraunkortasun eza maila sozial eta ekonomikoan". Sakanako AHT Gelditu Elkarlanaren esanetan "ibilaldi hauek herrietako biztanleengan geroz eta oposizio handiagoa biltzen ari dira".Hurrengo hitzorduaAzaroan aurreneko ibilaldia egin zen Izurdiaga eta Uharte Arakil artean. Eta bi ibilaldien arrakastaren ondoren AHT Gelditu! Elkarlanak hirugarren gonbidapena egin nahi izan die sakandarrei. Heldu den hilabeteetan, Etxarri Aranatz eta Altsasu bitartean eginen den hirugarren ibilaldiarekin, AHTren kalteen inguruko sentsibilizazio kanpainari amaiera emanen diote Burunda, Aranatz eta Arakil bailaretan.