Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Protesta bukatzeko, agintarien baimena lortu eta gero, errepidea moztu zuten komunikatua irakurtzeko. Plataformatik jakitera eman zen Nafarroako Gobernuak azaroan Irurtzungo Udalari esan ziona: mahai gainean Guliako aukeraz gain, Irurtzun eta Hidro artean errepidea egiteko aukera mahai gainean duela. "Hau da, duela 5 urte baztertu zuten aukera eta guk nahi ez duguna". Kontuan hartu behar da 2003an ez zegoen urbanizazioa dagoela orain inguru hartan eta trafikoa etxeen artetik pasako litzatekeela.Barre egitenPlataformatik adierazi zen "Nafarroako Gobernua Irurtzunez barre egiten" ari dela. Gogora ekarri zuenez, "2006an Nafarroako Gobernua Guliako aukeraren alde zegoen, baina urte hartan egindako errepide planean ez zen saihesbidea ageri. Parlamentuko batzorde batean UPNk esan zuen saihesbidea eraikitzeko aurrekontua bazegoela". Plataformatik adierazi zen "egitasmoa abiatu egin zen, baina gobernuak ez zuen inolako interesik azaltzen". Egitasmoari Irurtzundik 48 alegazio aurkeztu zitzaizkiola, "guztiak ere Guliako aukeraren alde" gogoratu eta gero, Nafarroako Gobernuak ez duela "ezer erantzun" salatu zuen plataformak. Jakitera eman zuen gobernua Izurdiaga eta Arakilekin harremanetan dela "haien arazoa (trenbide pasa) konpontzeko, baina saihesbideaz hitz egin gabe". Trafiko datuakOskiako harrobiak trafiko handia sortzen duela jakina da. Plataformatik gezurtatu egin zen Oskiako harrobia itxita dagoenik, "egiten ari ez diren bakarra barrenatzea da, baina makinak lanean daude, hormigoi-planta martxan da eta luze lan egiteko materiala dute pilatuta". Irurtzungo saihesbidearen aldeko plataformak emandako datuen arabera "herritarrek kalean jarduera normala egiten duten orduetan" Irurtzun erdigunetik pasatzen dira: "100 hormigoi-kamioi, harrobiarekin zerikusia duten 100 kamioi, errepide horretan ibiltzen diren 40 kamioi eta San Martin karrikan, bi norabideetan, dabiltzan beste 100 kamioi". Irurtzungo saihesbidearen aldeko plataformak salatu zuen "harrobia eraberritzeko plana aspaldi onartu zen, baina ez da ezer egin. Harrobia ez dago itxita eta bihar bertan lanean has daitezke". Aztarnategi arkeologikoaGuliako lotura gunearen inguruan brontze aroko aztarnategi arkeologikoa dagoela eta, plataformak bere "susmoak" plazaratu zituen: "ez ote zuen autopistak hondatuko?" Erdi aroko despopulatu bat ere ba omen da inguru hartan eta horrek saihesbidearen ibilbidea aldatu beharra ekarriko luke. Irurtzungo saihesbidearen aldeko plataforma aztarnategiak "errespetatzearen alde" agertu da, "baina ez dugu onartzen diru apur batengatik herriaren aho bateko iritziaren gainetik pasatzea". Bestalde, Irurtzungo Udalak Azteraingo errepideko trafikoa Guliako saihesbidearen bidez herritik aldentzeko parlamentuko taldeei egin dien eskaera eta Izurdiagarekin biltzeko alferrik egindako saiakerak gogora ekarri zuen plataformak. Plataformak adierazi zuenez, "gure aukera arriskuan dago eta aurrera ateratzeko lan egin behar da. Ez dugu nahi trafiko astuna gure kaleetan eta ideia hori defendatu beharra dugu". Irurtzungo saihesbidearen aldeko plataformak jakitera eman zuen beste ekimen batzuk prestatzen ari direla eta herritarrei parte hartzera dei egin zien.