Ezustea Unibertsitateko Pabiloian

Guaixe 2008ko urtarrilaren 21a

17. jardunaldia: MRA Navarra 2-Leis Pontevedra 4 Imanol Arregi entrenatzaileak esan zuen bezala, "ez dago aitzakiarik". Etxean eta zerrendako azkenaren aurka galdu egin zuten Irurtzungoek larunbatean. Ez zitekeen horrelakorik aurreikusi partidaren hasieran. Indartsu atera ziren etxekoak eta behin baino gehiagotan gerturatu zen Alexandre aurkakoen atera. Kanpokoak aurreratu ziren markagailuan, baina 4. minuturako Lukuianek berdintzea lortu zuen eta nagusitasunez jarraitu zuen aurrera MRAk lehen zatian. Bigarren zatian, ordea, zeharo aldatu ziren gauzak. Galiziarrek erasoari ekin zioten eta irurtzundarrek, taldean erantzun ordez, banaka erantzun nahi izan zieten. Ordenarik gabeko jokaldiak ekarri zituen horrek, eta golak sartzea lortzen ez zutenez, urduritzen joan ziren MRA Navarrakoak. Egoera probestu zuen Leis Pontevedra taldeak eta bi goleko aldea lortu zuten markagailuan, 1-3. Arregi bere mutilak zentratzen saiatu zen. Atezain-jokalaria jarrita, etxekoek 2. gola sartu zuten. Baina Irurtzungoek noraezean jarraitu zuten, eta galiziarrek laugarren gola sartu zuten. Markagailua 2-4 zela amaitu zen norgehiagoka.Puntuak batzen jarraitzeko aukera paregabea galdu zuten sakandarrek. 28 punturekin, sailkapen nagusian 3. tokian jarraitzen du MRA Navarrak, Murcia liderrarengandik 13 puntura. Hala ere, adi ibili beharko dute, hurrengo hiru taldeak gertu-gertu ditu eta, puntu bakarrera. 3. postu horri eutsi nahi badio, ezin du hutsik egin datorren larunbatean azken aurreko postuan den Guadalajararen aurka.Roberto Martil itzuliko da taldera Roberto Martil jokalaria MRA Navarra taldera itzuliko da, azken urtea bigarren mailako Playas de Salou eta Lizarrako MRAn egon eta gero. Imanol Arregik erabaki hori hartu du denboraldi baterako Jaiminho jokalaria Rio de Janeiroko Petropolis taldera joanen dela ikusita.