Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Emaitza lotsagarriarekin amaitu zuen atzoko norgehiagoka MRA Navarrak, Caja Segoviaren aurka 8 eta 0 galduta. Ez ziren arerioaren maila iritsi, haien jarrera falta izan zitzaien.Segoviakoak nagusi izan ziren hasieratik. Behin eta berriz gerturatu ziren Gasconen atera, baina Irurtzungoak ongi aritu ziren defentsan. MRAk ere eduki zituen bere aukerak, baina ez zuen aurkakoen atea zulatzen asmatu. Lehen zatia amaitzeko 5 minutu falta zirela, Nano Modregok etxekoen lehen gola sartu zuen. Bigarren gola zoritxarreko jokaldiarekin sartu zuen Eseberrik bere atean.Bigarren zatian erasoa hasi zuen MRA Navarrak, baina ez zuen aukera garbirik lortu. Etxekoak, berriz, eroso zebiltzan, defentsan lasai eta erasoan bizkor. Bide horretatik sartu zuten 3. gola. Bere taldearendako emaitza kaskarra ikusita, jokalari-atezaina jarri zuen Imanol Arregik. Erabaki horrek etxekoendako jokaldi arriskutsuei ireki zien bidea, baina Lukuianek eta Alexandrek ez zuten egun ona. Azken minutuetan ezinean ibili ziren Irurtzungoak eta beste 3 gol ere jaso zituzten.Markagailua 8-0an zela amaitu zen norgehiagoka. MRAk denboraldi honetan izan duen emaitzarik txarrena. 3. postuari eutsi dio, baina 11. posturaino 4 puntuko aldea baino ez dago. Kontuan izan beharko dute hori ostiralean, etxean El Pozo Murtzia liderra hartzen dutenean.