MRAk ezin izan zuen liderra gainditu

Guaixe 2008ko otsailaren 11

21. jardunaldia: MRA Navarra 0 - El Pozo de Murcia 2 MRA Navarrak El Pozo de Murcia hartu zuen etxean joan zen ostiralean. Irurtzundarrak saiatu ziren, baina ezin izan zuten ezer egin liderraren aurka. Murtziako taldeak argi eta garbi utzi zuen zergatik daramatzan 13 partidu galdu gabe: primeran aritu zen defentsan, are hobeto erasoan eta partiduaren erritmoa nahi bezala kontrolatu zuen. Hori guztia gutxi balitz, MRAk erasoan duen oinarrizko jokalaria galdu zuen, Lukuian, hain zuzen, hanka bihurtuta. Agerikoa izan zen brasildarraren hutsunea, hura gabe Irurtzungoak ez ziren aurkakoen atea zulatzeko gai izan. Rubenek eta Joelek ez zuten asmatu; Roberto Martil eta Charly fin aritu ziren, baina minutu gutxi jokatu zituzten; Robert izan zen etxekoen artean onena, baina ez zuen lortu murtziarren defentsa gainditzea. Eseverri kapitainak ere aukera ezin hobea izan zuen lehen zatian: Markagailua 0-1ekoa zegoela, Irurtzungoen aldeko penaltia adierazi zuen arbitroak. Eseverrik huts egin zuen ordea. Une erabakigarria izan zen, hortik aurrera gainbehera erori baitzen etxekoen animoa. 0-2 galdu zuten Irurtzungoek norgehiagoka.MRAk aste bakarrean markagailua hutsean duela amaitzen duen bigarren partidua du, punturik ez, 10 gol kontran eta bakar bat ere ez alde. Emaitza horiek 5. postura jaitsi dute Irurtzungo taldea.Ostegun honetan Espainiako Kopa hasiko dute Cuencan. Santiagoko Lobelleren aurka izanen dute lehen norgehiagoka. Lukuianek zaintiratua du eskuineko hankan eta ez dago argi ostegunean jokatzeko moduan egonen den. Baina talde batek golak sartzeko duen gaitasuna ezin da jokalari bakar baten esku egon. Kopan aurrera egitea nahi badute, brasildarrarekin edo gabe, azken bi jardunaldietan baino finago aritu beharko dute Irurtzungoek arerioen atezainaren aurrean.