Lukuianen parte hartzea zalantzazkoa da koparen final-laurdenetan

Guaixe 2008ko otsailaren 13a

Bihar hasi eta igandera arte luzatuko da Espainiako Kopa Cuencan. MRA Navarrak bihar, ostegunean, du lehen norgehiagoka, 21:00etan, Santiagoko Lobelleren aurka. Hau irabazten badu, finalerdietan El Pozo eta Carnicerren arteko norgehiagoka irabazten duenaren aurka neurtu beharko ditu indarrak. MRArentzat ez da txapelketa berria. Bosgarren kopa izanen dute hau Irurtzungoek, baina ez dute behin ere finala irabazi.Zailtasunak lehen egunetik MRAri ez zion mesede egin koparako zozketak, arerio posibleen artean indartsuenaren aurka lehiatzea tokatu zaio eta, Lobelleren aurka. Imanol Arregik onartu du norgehiagoka oso irekia izanen dela.Hori gutxi balitz, beste zailtasun bat izanen dute Irurtzungoek biharkoan: taldeko errematatzaile onenetarikoak, Lukuianek, zaintiratua egin zuen eskubiko hankan El Pozoren aurkako norgehiagokan. Jokalari brasildarra ostegunean jokatzeko moduan egoteko ahal duen guztia egiten ari da. Orkatila indartzeko ariketak egiten ari da, taldeko fisioterapeutaren laguntzarekin, eta badirudi zaintiratua hobera egiten ari dela. Hala ere, azken momentura arte ez da bere parte hartzea argituko. Dena den, MRAk kopan aurrera egitea nahi badu, ezin da jokalari bakarra sendatu zain egon. Talde osoak gogor entrenatu du aste honetan. Gaur arratsaldean hartuko dute Cuencarako bidea.