Irurtzun txapelketatik kanpo geratu da

Guaixe 2008ko otsailaren 13a

Ezustea izan zen asteburuan Altzan, Berria Txapelketan. Iaz txapeldun izan ziren sakandarrak, Irurtzungoak, txapelketatik kanpo geratu dira jokoan zuten lehen norgehiagokan. Añorgaren aurka jokatu zuten eta 47-65ko aurkako emaitzarekin amaitu ziren partiduak. Kadete mailan Añorgakoak ziren faboritoak, eta ez zuten huts egin, Irurtzungo Olias eta Beraza 13. tantora baino ez ziren iritsi. Gazteen mailan gogorragoa izan zen partidua. 11-10era arte berdinduta joan ziren Zabaleta-Galartza irurtzundarrak eta Jauregi-Lertxundi aurkariak. Irurtzungoak nekatu egin ziren ordea, eta hortik aurrera ezer gutxi egin zuten. 12-22 galdu zuten. Nagusien mailan handia izan zen ikuskizuna. Irurtzungo Ongai eta Otxotorenak zuten guztia eman behar izan zuten Erroizenea eta Jauregi mendean hartzeko. 22-21 irabazi zuten norgehiagoka. Baina, beste bi mailetan galduta, ezer gutxirako balio izan zuen nagusien garaipenak.Irurtzungoak kanpoan direla, Arbizuko Belate da geratzen den Sakanako talde bakarra. Arbizukoek otsailaren 23an izanen dute norgehiagoka, Altsasun. Aurrera egin nahi badute, mendean hartu beharko dute Adiskide taldea.