Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal Mendi Federazioak euskal mendizaletasunaren XII. festa ospatu zuen joan zen ostiralean, Iruñeko planetarioan. Bertaratzeko gonbidapen berezia jaso zuen Irurtzungo Iratxo elkarteak, sarituen artean zegoen eta.19:00etan hasi zen ekitaldia federazioko lehendakari Arantza Jausororen agurrarekin. Javier Garreta zinemagilearen Oroitzapenen itzalean proiekzioak hartu zuen gero txanda. Horren ondotik, 20:15ean, guztiek espero zuten unea iritsi zen: Euskal Mendizale Federazioaren eta Pyrenaica sarien banaketa. Sarietako bat, Euskal mendizaletasunaren adiskideak saria, hain zuzen, Sakanara etorri zen, Irurtzungo Iratxo elkartera. Pello Alzuetak eta Ramon Dorronsorok ordezkatu zuten Irurtzungo elkartea Iruñean. Mendi Federazioak Irurtzungoek Sakanako Ibilaldi Handia antolatzen hartzen duten lana eskertu nahi izan zuten sari honen bidez. Pello Alzuetak Iratxo elkarteko mendi taldearen poza adierazi zuen. "Behin baino gehiagotan, martxa antolatzen egiten dugun lana goraipatu dute han eta hemen, baina hau da horrelako sari bat jaso dugun lehen aldia". Ekitaldira Ramon eta Pello joan baziren ere, "saria lanean aritzen den talde osoarendako" dela argi utzi zuen Pello. Festari amaiera emateko, dantzariek aurreskua dantzatu zuten, saridunen omenez. "Ekitaldia oso polita izan zen" esan digu Iratxo elkarteko ordezkariak. Iruñean bildutakoek mahaiaren inguruan amaitu zuten festa, afari ederrarekin.Jasotako sariarekin indarberrituta, Iratxo elkarteko mendi taldea dagoeneko prestatzen ari da XIX. Sakanako Ibilaldi Handia. Apirilaren 26an izanen da.