Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Film dokumentalen emanaldia atzo hasi zen. Irurtzungo kultur etxera hurbildu zirenak Heddy Honigmann zuzendari peruarraren Forever lana ikusteko aukera izan zuten. Gaurkoan, berriz, sesioa bikoitza da, 20:00etatik aurrera. Aurrena Even if she had been a criminal (kriminala izatera ere...) dokumentala pantailaratuko da. Jean Gariel Périotek zuzendutako filma da. Zintak 1994ko udako Frantziara garamatza. Herrialdea naziengandik askatua izan ondoren "errudunen bila aritzeko unea da" eta egoera hartan "alemaniar soldaduekin harremanak izateaz akusatutako emakumeak ez dira onik aterako". Film labur onenaren saria jaso zuen lan honek. Julio Soto zuzendariak bestelako gaia ekarriko du Irurtzunera Radiophobia lanarekin: "Zer dago benetan Txernobilen atzean?" Eztanda egin zuen zentral nuklearraren ondoan dagoen Pripyat hiria, mamu-hiria, da zintaren ardatza. Zituen 150.000 biztanleak ez daude. Zuzendariak "zentsurak, oihanek eta oroitzapenik ezak altxatutako hormaz bestaldean ezkutatua" dagoena azaleratu nahi du Radiophobia lanarekin. Lan horrek ikusleen sari berezia jaso zuen jaialdian.