Irurtzungo liburutegia, errotu den zerbitzua

Guaixe 2008ko otsailaren 28a

Aipatu beharra dago Irurtzungo liburutegia Nafarroako Gobernuko Liburutegien Sareko kide dela. Egun Rafael Iso da liburuzaina. Duela denbora gutxi hasi zen lanean, eta oraindik erabiltzaileak ezagutzen eta liburutegiko martxari tamaina hartzen ari dela aipatu digu, baina iazko datuei buruz aritzeko ez du aitzakiarik jarri. Irurtzungo liburutegian, gainontzekoetan bezala, iraultza gertatu da teknologia berriak direla eta. Lehen liburuak eta aldizkariak ziren eskaintzen zirenak, eta orain denetatik dago, eta ildo horretan, azken zazpi urteetan liburutegian eskaintzen diren ikusentzunezkoen kopuruak gora egin du nabarmen. Gainera, erabiltzaileek dauden ordenagailuak erabili eta internet zerbitzua dute eskura. Maileguek goraIrurtzungo liburutegiko 200 metro koadroetan denetatik topa dezakegu. 2007an ondoko fondoa zegoen: 2 ordenagailu, liburuak (19.606), aldizkariak (189), bideoak (260), kaseteak (30), Cdak (79), CDROMak (17), DVDak (210), eta DVD ROM-ak (4). Liburutegiko fondoa gaztelera eta euskarazkoa da, baina ezinezkoa da jakitea zenbatekoa den euskarazko fondoaren proportzioa. Nolanahi ere, haurrendako euskarazko liburu eta ikusentzunezko eskaintza gehiago dago helduendako baino. Liburutegiko fondoen mailegutzari dagokionez, ondokoak izan ziren 2007ko mailegu datuak: CD (61), CD-ROM (74), DVD (1.694), liburuak (2.261), aldizkariak (153), bideoak (92), DVD-ROM (8) eta herriko bilduma (1). Aipatu beharra dago, 2006ko datuekin alderatuz gora egin zuela mailegu zerbitzuak. Esan daiteke, beraz, liburutegiko zerbitzuaren erabilera guztiz errotuta dagoela. Liburutegia erreferentea da herrian, eta orain arte erabiltzaileek eta mailegutza datuek gora egin dute. Ohiko zerbitzuez gain, iaz hiru ekitaldi berezi antolatu zituen liburutegiak, beti ere irakurketa bulkatzeko asmoz. Horrela, euskarazko liburuak irakurri eta oparitzeko kanpaina bulkatu zuten apirilean, uztail hasieran liburutegia igerilekuetara eraman zuten, eta abenduan ipuin kontalariak izan ziren. Beraz, liburutegiaren martxa ona dela esan daiteke. Irurtzungo liburutegiak zabalik dauzka ateak, bai kontsultak egiteko, bertan irakurtzeko, ordenagailuak erabili eta interneten murgiltzeko, eta baita fondoak etxera eramateko. Horretarako karneta bete beharko da, dohain.