Gaur mustuko da "La ceguera puede vencerse" erakusketa

Guaixe 2008ko otsailaren 29a

Bada, ASDIRE-LARRAKIL elkarteak La ceguera puede vencerse erakusketa ekarri du Irurtzunera. Aipatu erakusketa FUNDALUCE (Fundacion de Lucha Contra la Ceguera) elkarteak sustatutakoa da, eta aurretik Iruñeko Ciudadelan egon zen ikusgai, arrakasta handiz. Irurtzunen ASDIRE-LARRAKILek antolatu du erakusketa, ARPN-ren (Asociacion Retina Navarra), Irurtzungo Lehen Mailako Arreta Zentroaren eta Irurtzungo Udalaren laguntzarekin. Mustutzeko, gaur hitzaldiaErakusketak gaur zabalduko ditu ateak Irurtzungo Osasun Etxean, eta bertan izanen da ikusgai martxoaren 29ra arte. Mustutze ekitaldia gaur bertan izanen da, otsailaren 29an, ostiralean, 18:30ean. Klinika Unibertsitarioko oftalmologia laborategiko Sergio Rekalde ikerlari irurtzundarrak hitzaldia emanen du, ikusmenaren ikerketa, prebentzioa eta errehabilitazioaren inguruan. Ondoren pigmentu erretinosia gaixotasuna duten pertsonen testigantzak jasotzen dituen bideoa eskainiko dute, erakusketan ikusgai egonen dena. Bost areaErakusketak ikusmena hartzen du hizpide, eta bost areatan banatutako 21 paneletan ondoko gaiak jorratzen dira: "Horrela ikusten dugu", begiaren funtzionamenduaz; "Batzuetan gaizki ikusten dugu", ikusmenean dauden gaixotasunei buruz; "Itsutasunaren kontra borrokan", itsumenaren inguruan dauden ikerketa eta tratamenduen inguruan; "Irrifarra begietan", arazo hauen alde umoristikoa topatzeko asmoz, eta "Esperimentazio gunea". Gune honetan betaurreko bereziak egonen dira, ikusmenean arazoak dituzten pertsonek nola ikusten duten islatuko dutenak. Adibidez, pigmentu erretinosia gaixotasuna duen norbaitek tunel ikusmena delakoa izanen du, kataratak dituen batek nahiko modu zirriborrotsuan ikusiko du... Helburua betaurrekoak jantzi eta pertsona horien tokian jartzea izanen da. Ez da faltako braille hizkuntzan idatzitako testurik. Erakusketa zabalik dago interesatu guztiendako. Bestalde, antolatzaileek bisita gidatuak eginen dizkiete taldeei edo ikastetxeei, aldez aurretik ondoko telefonoan hitzordua zehaztuz gero: 948 500 910. Martxoaren 30ean erakusketa kalera aterako dute antolatzaileek, egun horretan Itxipururen bigarren eskuko azoka izanen baita. "Ponte en mi piel" kanpaina aterako dute kalera. Besteak beste begiak estalita ibilaldi esperimentalak egitea proposatuko dute ASDIRE-LARRAKIL elkartekoek, ikusmen gaixotasunak dituzten pertsonen larrutan jartzeko.