Saihesbide aukera berria aurkeztu dute udalak eta plataformak

Guaixe 2008ko martxoaren 6a

Laura Alba Cuadrado kontseilariak parlamentuan aditzera eman zuenez, Herrilan Departamentua Irurtzun eta industrialderen artean errepide bat eginez eraiki nahi du saihesbidea. Irurtzundarrek zuzendari nagusiarekin izandako bileran erabaki horrekin desadostasuna azaltzeaz gain, saihesbiderako proposamen berria egin zuten. Aukera berriaIrurtzungo Udalak eta Saihesbidearen Aldeko Plataformak egindako proposamen berria 3 biribiletan oinarritzen da. Haietako bi Izurdiagara daraman errepidean eginen lirateke, autopistako zubiaren alde bietara. Proposamen horren arabera Izurdiagatik datozen ibilgailuak Irurtzunera joan edo autopistarako sarbide zuzena izanen lukete. Autopistara aterako lirateke Iruñea, Donostia eta Gasteizerako bidea hartuko luketen ibilgailuak. Donostia eta Gasteizko noranzkoan joan nahi duten ibilgailuek Gulian atera beharko lukete eta han eraikitako beste biribil batean buelta eman eta norabide zuzena hartuko lukete. Bestalde, Iruñerritik datozen autoak Izurdiaga parean atera eta biribil batekin eginen lukete topo. Haren bidez Irurtzun edo Izurdiaga alderantz desbideratuko litzateke trafikoa. Udalaren eta plataformaren iritziz aukera horrek herritik trafikoa kentzeaz gain, Irurtzuni eta Izurdiagari autobiarako sarbide zuzena ematen die. Txiki Iriarte alkateak jakinarazi digunez, "Etxabarrik proposamena idatziz eta arrazoitua aurkezteko eskatu zigun. Ez zen ez alde ez kontra agertu eta azterketa teknikoa egin beharra nabarmendu zuen". Asteartean bertan Irurtzungo Udalak egindako bilkuran gaia aztertu eta alderdi guztien adostasunarekin aurrera egitea erabaki zen.