Todas a votar!

Guaixe 2008ko martxoaren 7a

Todas a votar! XX. mendeko emakume sufragisten borrokan murgiltzen da. Mirallesen obra batean inspiratuta dago, baina Irurtzungo Antzerki Eskolaren beharretara moldatu dute Angel Sagües antzerki zuzendariak eta tailerreko kideek. 1931. urtea da eta emakumeek ez dute botoa emateko eskubiderik. Emakume haien kontraesanak, ilusioak eta kezkak zeintzuk ziren ezagutzeko parada ematen digu antzezlanak, beti ere umorearen ikuspuntutik. Emakumezkoen ahaleginak, umore puntuarekinKlase sozial altuko emakume sufragista talde baten bilkuraren berri ematen du antzezlanak. Haiekin batera euren neskameak eta zerbitzariak daude. Alde batetik, emakume hauek emakumezkoek botoa emateko eskubidea aldarrikatzeko mitin baten inguruan ari dira hizketan. Eta bestalde, antzezlan bat ari dira muntatzen, Shakespeareren La fierecilla domada hain zuzen. Antzezlan horretan emakumezkoek egiten dituzte gizonezkoen paperak. Une batez emakume baten txoferra sartzen da bilkurara, haren nagusiari mandatu bat ematera, eta bildutako emakumeak gizon horretan oinarrituko dira euren antzezlana prestatzeko. Umorearen ikuspegitik landutako antzezlana da, eta ikusleek barre egin eta bikain pasatzeko aukera izanen dute. EskerrakIrurtzungo Antzerki Tailerreko kideek bereziki aipatu nahi izan dute taldeko gizonezko aktore bakarra den Peioren lana, "gizonezkoen mundura hurbiltzen baikaitu". Eta Jorge Cordon musikariaren lana eskertu nahi dute, "bere zuzeneko musikarekin ikuskizunaren poetika osatzen laguntzeagatik". Hain zuzen ere taldearen iazko emanaldian, La otra Bernarda antzezlan arrakastatsuan, Cordonek musika jo zuen zuzenean, emanaldia izugarri freskatuz eta aberastuz. Aurten ere zuzenean ariko da. Bestalde, oso kontentu daude Xabier Unanuak diseinatutako kartel eta ikusentzunezkoekin, oso erakargarriak baitira. Taldeak azpimarratzen du urtero emanaldi hobeak eskaini nahi dituztela, eta horretan ahalegintzen direla. 7 urte laneanKultur Kontseiluak antolatutako Irurtzungo Antzerki Eskolaren zazpigarren denboraldia da aurtengoa. Lehen bost urteetan irurtzundarrak Asun Abaden zuzendaritzapean aritu ziren antzerkigintzan murgiltzen, baina azken bi urteetan Abaden bikotekide Angel Sagüesek hartu zuen Irurtzungo taldearen ardura. Taldean badira hasiera-hasieratik antzerki taldeko kide direnak eta beste batzuk urtetik urtera egitasmora batu direnak. Egun, 9 neska eta gizonezko batek osatzen dute taldea. "Talde askotan gertatzen da hau, kide gehienak emakumeak izatearena. Niretako ez da arazoa. Akaso sozialki arazoa izan daiteke, arlo kulturalean gizonak ez egotea. Baina horrela emakumeak izango dira hitz egingo dutenak eta arlo femeninoa landuko da, bestalde batetik interesgarria dena eta falta egiten duena. Antzerki talde batean ez da arazoa, antzezlana egoerara egokitzen baituzu eta kitto" azaltzen du Angel Sagüesek. Nolanahi ere, Irurtzungo Antzerki Eskolak ateak zabalik ditu interesa duten gizonezko zein emakumezkoendako. Castejonen eta Olaztin ere"Oso talde ederra eta jatorra da Irurtzungoa. Ilusio eta dedikazio izugarria dute. Iaz hiru neskatxa gaztek eman zuten izena baina gainontzekoek denbora asko daramate. Oso kontentu nago eurekin" dio Angel Sagüesek. Zuzendariak gaineratzen du tailerra osasuntsu dagoela eta heldutasuna eta aldi berean freskotasuna eskaintzen duela.Todas a votar! antzezlana ez da soilik Irurtzunen ikusiko. Irurtzungo Antzerki Tailerrak martxoaren 14an aipatu lana Castejonen taularatuko du eta martxoaren 22an Olaztin. Todas a votar!Antzezleak: Pakita Arruabarrena, Mª Eugenia Barroso, Ramona Franco, María Esparza, Txeli Garcia, Tere Ochoa, Genma Matxain, Sonia Mallenco, Mónica Navarro eta Peio Alzueta.Talde tekniko eta artistikoa, eta arroparen diseinua: Irurtzungo Antzerki Tailerra. Argiztapena: Angel Sagüés.Musika: Jorge Cordón.Kartelaren eta ikusentzunezkoen diseinua: Xabier Unanua.Antzerkigintza eta zuzendaritza: Angel SagüesEmanaldiak: Martxoaren 7an, ostiralean, 20:00etan eta 22:30ean; martxoaren 8an 20:00etan; eta martxoaren 9an 18:00etan, Irurtzungo Kultur Etxean. Antolatzaileak: Irurtzungo Antzerki Tailerra eta Irurtzungo Kultur Kontseilua