Atakondoako ikasle ohiek D ereduan matrikulatzera animatu dute

Guaixe 2008ko martxoaren 12a

Irurtzungo Udaleko zinegotzi eta Euskara Batzordeko kide Saray Ongaik hitza eman zien D ereduaren inguruan aritu zirenei. Gurasoen lanaLehenik eta behin, Udaleko euskara zinegotzi Pakita Arruabarrenak hartu zuen hitza. Irurtzungo Atakondoa ikastetxean D eredua ezartzeko bidean guraso moduan egin zuten lana izan zuen mintzagai. "1978-79 ikasturtean guraso talde bat bildu ginen. 2 eta 4 urte bitartean ikastola zegoen, baina 4 urterekin eskolara pasatzen ziren haurrak, ikasketak gaztelaniaz egitera. Ikasketak euskaraz izan zitezen Hezkuntza Delegaziora eta Diputaziora jo genuen gurasoek. Delegazioan erantzun ziguten euskarazko plaza guztiak (50 Nafarroa osoan) beteta zeudela. Diputaziora jotzeko unean Nafarroako ikastolen lehendakari Juan Luis Larrazaren laguntza izan genuen, eta Atakondoara euskara irakasle bat bidaltzea lortu genuen. Gure borrokarekin Irurtzungo kontzejua eta ikastetxeko lehendakari eta maisuak inplikatu egin ziren, eta hurrengo urtean hiru irakasle bidali zizkiguten. Gero, egun indarrean dagoen Vascuenceren Lege famatua onartu zuten. Irurtzun eremu euskaldunean zegoenez, irakasleak birziklatzen hasi eta Atakondoak ikasketak euskaraz eskaini zituen". Arruabarrenak aipamen berezia egin nahi izan zien garaiko gurasoei, "oztopoz betetako borroka latza" egin behar izan zutelako. Ikasle ohiak, gaurko profesionalak, D ereduaren aldeNerea Baldak, Bea Doraik eta Idoia Altzuetak Atakondoan ikasi zuten, D ereduan, euskaraz. Baldak Euskara Filologia ikasi zuen. "Haurra zarenean hizkuntzak ikasterakoan ez duzu hanka-sartzeko beldurrik ez lotsarik, hizkuntza modu naturalean ikasten duzu, konplexurik gabe. Aldiz, helduak garela edozein hizkuntza ikasten hasten garenean esfortzu asko egin behar izatearen, zailtasunaren eta dirua gastatzearen sentsazioa dugu. Beraz, haurrei oso opari ederra egingo diegu D ereduan matrikulatzen baditugu, euskara eta gaztelania arazorik gabe ikasiko dutelako". Iritzi berekoa zen egun irakaslea den Bea Dorai. "Haurrak esponja bezalakoak dira, dena xurgatzen dute, ez dute aparteko arazorik hizkuntzak ikasteko". Altzuetak aipatu zuen euskaraz ikasi ondoren Unibertsitatean gaztelaniaz aritu behar izan zela, karrera euskaraz ez zegoelako. "Ospitalean lan egiten dut eta gaixo asko euskaldunak dira. Euskaraz hitz egiten badiezu hurbilago sentitzen zaituzte. Euren seme-alabak euskaraz matrikulatzera animatu nahi ditut gurasoak. Ingelesarekin ere txiki-txikitan hasi bagina, dagoeneko menperatuko genuke, baina ez da hala izan eta orain behar bezala ikasteko komeriatan gabiltza". D ereduaren abantailakArantxa Mikeo Atakondoako orientatzaileak eredu linguistikoak izan zituen hizpide. "Atakondoa ikastetxean A eta D ereduak eskaintzen dira. A ereduan ikasketa guztiak gaztelaniaz egiten dira eta euskara eta ingelesa ikasgaia soilak dira. Kasu honetan gaztelaniazko maila ona lortzen da, baina ingelesa eta euskaran ez da maila ona lortzen. Aldiz, D ereduan hizkuntza akademiko eta funtzionala euskara da. 4 urtetan ingelesa sartzen da eta 6 urtetan gaztelania. Kasu horretan haurrek euskara eta gaztelania primeran ikasten dute, haurrek kalean ikasten dutelako". Mikeok nabarmendu zuen hainbat ikerketek erakusten dutela D ereduak hirugarren hizkuntza ikasteko abantaila ematen duela. Bestalde, gaineratu zuen ikasleek ereduen aldaketa egin dezaketela. "Gurasoek eskatuz gero edo arazo psikopedagogikoak daudenean D eredutik A eredura pasa zaitezke, edo alderantziz". Etorkinak, arazorik gabe D ereduanIrurtzungo Atakondoan 400 ikasle pasa daude, eta erdiak baino gehiagok euskaraz ikasten du D ereduan. Etorkinek A eredura jotzen dute normalean. Lakuntzako ikastetxeko zuzendari Ane Miren Iruretagoienak Lakuntzako ikastetxeko esperientziaren berri eman zuen. Lakuntzako ikastetxeak soilik D eredua eskaintzen du, eta etorkinek hori normaltasunez hartzen dutela gaineratu zuen. "Marokoarrek beti dute euren seme-alabak gaztelania noiz ikasiko duten kezka. Guk esaten diegu lasai egoteko, ikasiko dutela. Eta hala da, arazorik gabe ikasten dute. Aldiz, ekuadortarrak nahiko malguak dira. Nolanahi ere ikasleek hizkuntzekin arazoren bat izanez gero, neurri bereziak jartzen dira laguntza gelan". Iruretagoienak azpimarratzen du ikasleek ikasketak gaizki badaramatzate ez dela hizkuntzarengatik, bestelako faktoreengatik baino. Argi dauka Iruretagoienak: "egun bi kultura daude, onerako hala txarrerako (onerako, pentsatzen dut). Batean oso murgilduta eta bestean ezer ere ez: hori ekiditeko ikasketa eredu onena D eredua da".