Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Tefi De Paz eta Maider eta Lorena Zabaleta aritu ziren tituluak banatzeko lanbidean, beltzez jantzita eta birretarekin, unibertsitateko katedradunen antzera. Mahaia prestatu zuten farmaziaren aurreko arkupean, kafea, pastak eta guzti; eta bertatik pasatzen ziren emakumeei titulua jasotzea proposatu zieten. "Emakumeak parte hartzera animatzen dira. Txantxa eta umore giroan ematen ditugu tituluak, baina funtsean kontu serioa da, emakumeei egiten duten lan guztiagatik errekonozimendua egiten baitiegu. Izan ere, oraindik etxeko ekonomia emakumeen ardura da" adierazi zuen Lorenak. Iaz ekimenean parte hartu zutenek aurten ez zuten titulua jasotzeko aukerarik, eta arratsaldeko ordu bietarako 20 emakumek jaso zuten titulua. Guztiei banda jarri eta argazkia egin zieten, eta titulua eta libreta eta boligrafo bat eman zieten opari. "Gero emakume guztien argazkiekin orla eginen dugu eta bigarren promozioko argazki hori etxera bidaliko diegu" azaldu zuten.