Plazaolako tunela konpondu eta udaletxean igogailua jarriko du Udalak

Guaixe 2008ko martxoaren 13a

Inbertsio nagusia Urbasa kaleko sareak berritzera eta zolatzera bideratuko da: 235.000 euro zehaztu dira horretarako. Nafarroako Gobernuko 2005-2008ko Lau Urteko Planean jasota dago egitasmoa, eta hortaz, diru laguntza jasoko du. Bilkura horretan bertan lanak lehiaketara ateratzeko baldintzen plegua onartu zen. Oztopo arkitektonikoak gainditzenUdaletxean igogailua jartzeko 100.000 euroko kopurua zehaztu du Udalak. Udaletxeko behealdean sarbide berria eginen da eta igogailuak lehenengo geldialdia jubilatuen klubean eginen du, bigarrena udal bulegoetan eta liburutegian, eta hirugarrena udaletxeko bigarren solairuan, Bake Epaitegia eta beste bulegoak dauden tokian. Ildo horretan aipatu beharra dago oztopo arkitektonikoak gainditzeko 20.000 euroko beste partida bat jaso duela Udalak. Diru horrekin Irurtzungo zebrabideak egokituko dira, bide goratuak espaloiekin egokituko dira eta bide normaletan espaloiko ertzak jaitsiko dira. Hainbat gunetan barandak jarriko dira, eskailera mailakatuekin. Bestalde, segurtasunari begira, margoz seinaleztapen horizontala egiteko 12.000 euro bideratuko ditu Udalak. Plazaolako tunela berreskuratuIrurtzungo Udalak adierazi du uda baino lehen hasiko dituela Plazaolako Artadia tunela konpontzeko lanak; horrela, Irurtzungo bizilagunendako oso pasealeku erabilia izan dena berreskuratuko da. Egitasmo horretarako 90.000 euro jaso dira aurrekontuan. 2004an itxi zen 150 metro dituen Plazaolako tunela, lur-jausiengatik. Tunela berreskuratzeaz gain, egingo diren lanei esker Irurtzun urez hornitzeko Iribasetik datorren ur hodi nagusia eskura geldituko da, aipatu hodia tuneletik pasatzen baita. "Egun matxura egongo balitz, Irurtzun urik gabe geratuko litzateke zenbait egunetan" adierazi zuen Irurtzungo alkate Txiki Iriartek (NaBai). Lanen finantziaziorako Nafarroako Gobernuko eta Sakanako Mankomunitateko diru laguntza jasoko duenaren konfiantza du Udalak, Mankomunitatea baita ura altan ematen duen erakundea. Bestalde, Nafarroako Kutxako Zeuk aukeratzen duzu, zeuk erabakitzen duzu programan dagoeneko 15.000 euro jaso dira tunela berritzeko egitasmorako.Finean, tunelean dauden hondakinak jaso eta garbiketa eginen da; tuneleko estaldura berreraikiko da eta segurtasun neurriak hartuko dira, besteak beste bobedaren ingurua egonkortzeko eraztun-eusleak jarriz. Neurri horiek aurreko Udalak Nafarroako Gobernuaren Geologia eta Geoteknia sekzioari enkargatutako txostenean jasotzen ziren.