Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Todas a votar! XX. mendeko emakume sufragisten borrokan murgiltzen da. Mirallesen obra batean inspiratuta dago, baina Irurtzungo Antzerki Eskolaren beharretara moldatu dute Angel Sagüesek eta tailerreko kideek. 1931. urtea da, eta klase sozial altuko emakume sufragista talde bat bildu egiten da, mitin bat prestatzeko. Haiekin batera euren neskameak eta txoferra daude. Emakumeen borrokaz gain, emanaldiak klaseen arteko ezberdintasunaren berri ere ematen du. Emakume horien kezkak, ilusioak eta kontraesanak primeran islatzen ditu obrak, beti ere umorearekin. Antzerki taldearendako arrosakIkusleei asko gustatu zitzaien antzezlana. "Urtetik urtera profesionalagoak dira. Antzezlanak agerian uzten du klaseen arteko ezberdintasuna. Klase altuko emakumeak mitin bat prestatzen ari dira, emakumeek behingoz bozkatuko dutelako, baina euren neskameak bigarren mailakoak dira eurendako, mespretxatzen dituzte. Oso antzezlan ona izan da, barre asko egin eta primeran pasa dugu" zihoen ikusle batek. Antzezlanean Jorge Cordon musikariak zuzenean jotzen du, eta horrek obra izugarri aberasten du. Irurtzungo estreinaldian, Angel Sagües zuzendariak eta Jorge Cordonek arrosak jaso zituzten aktoreen eskutik. Baina sorpresa izan zen, Sagüesek denondako arrosa gorri ederra ekarri baitzuen opari. Irurtzungo Antzerki Taldearen Todas a votar! gaur, ostiralean, Olaztiko Kultur Etxean egonen da ikusgai, 22:30etik aurrera. Hurrengo asteburuan Castejoneko bidea hartuko dute Irurtzungo antzezleek, euren azken lana taularatzeko prest.