MRAk ezin izan zuen Playasen defentsaren aurka

Guaixe 2008ko martxoaren 31

MRA Navarrak Playas de Castellon hartu zuen etxean joan zen ostiralean. Gogotik lan egin zuten Irurtzungoek, baina, zoritxarrez, ez zuten merezitako fruiturik jaso. Erasokor atera zen MRA Unibertsitateko Pabilioira, baina, beste behin ere, huts egin zuten aurkakoen atean. Playas de Castellonek defentsan jarri zituen indarrak eta bide horretatik, ezerezean utzi zituen Alexandre eta Eseverriren lehen saiakerak. Gutxitan iritsi ziren bisitariak Ortizen atera, baina ongi probestu zituen aukera horiek 0-2ko abantaila hartzeko.Atsedenalditik bueltan, aldea txikitu zuen MRAk Lukuianen golari esker. Baina gutxi iraun zuen Irurtzungoen esperantzak, bi minutu geroago 1-3koa jaso baitzuten. Gauzak horrela, atezain-jokalaria jarri zuen Imanol Arregik. Baina ez zen markagailuari buelta emateko nahiko izan: etxekoen 2. gola sartu zuen Rubenek, baina Playasek 2 gol gehiago sartu zituen.Azken asteetako emaitza kaskarren ondoren, MRAko entrenatzaileak onartu zuen "oso zaila" dela play off-etarako sailkatzea. 32 punturekin, 11. postuan dago MRA eta lau puntura ditu play off postuak. Liga amaitzear dagoen honetan, partiz partidu pentsatzeko beharra azpimarratu zuen Imanol Arregik "haratago joan gabe". Lesioak eta selekzioaren partiduak ere ez dute taldearen errendimenduan lagundu. Larunbatean, 18:30ean, 35 punturekin 7. postuan dagoen Benicarloren aurka neurtuko ditu indarrak MRAk. Dê, Joel, Charly eta Robert ez dira jokatzeko moduan egonen eta Martilen parte hartzea zalantzazkoa da.