Jautsiak dantza ta dantza

Guaixe 2008ko apirilaren 1a

Apirila bukaerara arte, larunbatero, 16:00etan dute hitzordua jarrita Atakondoa ikastetxeko gimnasioan. Aurreneko ordu erdian jautsiez ezer ez dakitenek dantza egiteko jakin beharreko pausuak ikasten dituzte. Bigarren ordu erdian haiei dantza dakitenak edo hobetu nahi dutenak batzen zaizkie (larunbatean guztira 22 pertsona bildu ziren) eta guztiak ere ordu erdi eder bat pasatzen dute dantzan. Izan ere, hori baita dantza ikastaro horren helburua: dantza eginez ongi pasatzea. "Jende gehiago balego, hobe" esan digu Urko Mauduit irakasleak. Berak aitortu duenez, "jautsiak oso dantza errazak dira eta ziur naiz gehienak ia pauso guztiak ikasiko dituztela". Orritzen asmoa da halako ikastaroak urtean behin, behintzat, antolatzea "dakitenek praktikatu eta ez ahazteko eta ikasi nahi dutenei aukera emateko". Ikastaroa despeditu eta gero, gainera, Baigorrin ospatzen den Nafarroaren Egunean praktikatzeko aukera izanen dute. Hara joateko autobusa antolatuko baitute udalaren laguntzaz. HelduakOrritzek eta Pikuxarrek antolatutako jautsi ikastaroan parte hartzen duten gehienak irurtzundarrak badira ere, inguruko herrietako jendeak ere izena eman du. Parte hartzaileak 15 eta 50 urte artekoak dira, nahiz eta helduagorik baden eta inolako arazorik ez duen ikastaroa jarraitzeko. Hala ere, Orritzen aspalditik dira jakitun jende larriak dantzarekiko interesa duela. Dantza taldean dauden umeen gurasoek askotan azaldu izan dute dantza ikasteko interesa. Ikasturte hasierarekin batera gurasoen talde eder bat animatu zen eta dantzak ikasten ari dira.