Itxipururen bidez Argentinako ospitale bat lagunduko da

Guaixe 2008ko apirilaren 2a

Azokaz gain, egitasmoa laguntzeko elkartasun afaria ere egin zen aurreko ostiralean Erga Larreak elkartean. Mahaiaren inguruan 64 lagun bildu ziren. Afaltzera bildu zirenek ezer ikusi gabe afaltzeko esperientzia ezagutu zuten. Izan ere, Asride-Larrakil elkarteko kideek itsuen larruan jarri nahi izan zituen mahaira eseritakoak. Bestalde, ostiralean, 21:00etan, entzunezko deskribapena duen film baten emanaldia izanen da kultur etxean. Itxipuru elkartea "oso pozik" dago jendearen erantzunarekin eta bildutako diruarekin (oraindik ere kontu korrontea ez dute itxi). Itxipurutik azaldu digutenez, "azoka bilgune bat bihurtu da eta jarritako helburuak betetzeaz gain, beste esparru batzuk ere lantzen ari gara". San Damian Argentinako Buenos Aires probintziako Hurlingham hiriko San Damian auzoan dagoen ospitalera bideratuko da Itxipuruk bildutako dirua. Zehazki, betazaleko-arrailerako lanpara eta lanparako tonometroa erosiko dituzte. Biak ere oftalmologia arloko tresna baliagarriak eta ospitale hark duen tresneria zaharkitua ordezkatuko dituztenak. 1.500 bat euro behar zituztela aurreikusten zuten ospitaleko kideek. Itxipuruk bildutakoarekin, beraz, nahikoa eta sobera izanen dute. Gabezien inguruanAsride-Larrakil elkarteak azoka baliatu zuen bere burua ezagutzera emateko. Elkarte beraren eta gabeziak lantzen dituzten beste elkarte batzuen informazioa eman zuten mahai batean. Horretaz gain, pilotalekuan La ceguera puede verse erakusketa jarri zuten. Aurretik hilabetez osasun etxean egon zen eta handik, besteak beste, Atakondoa ikastetxe publikoko ikasle guztiak pasa ziren. Azokan eta zuk, nola ikusten duzu...?? zirkuitu esperimentala jarri zuten Asride-Larrakil elkarteko kideak. Hala, nahi zutenek begiak estali eta bastoiekin ibilbideak egiteko aukera izan zuten, hainbat oztopo gaindituz, tartean toldo bat. Parte hartu zuten 75 pertsonek bukaeran komiki bat jaso zuten opari. Itsuen larruan jartzeko beste modu bat ere eskaini zuen Asride-Larrakilek: mahai jolas egokituak ere izan ziren nahi zutenek jokatzeko, besteak beste: braile kartak, marrazki oso handiak dituzten kartak, partxisak, damak, dominoa... Elkarteko kideak oso pozik gelditu dira esperientziarekin. AntzerkiaIaz bezala, aurten ere Aste Santuko oporrak baliatuta Atakondoa eskolako haur eta gaztetxoek antzerkia prestatu zuten, bigarren eskuko azokan antzezteko. Martxoaren 19az geroztik hasi ziren lana prestatzen, Amaia Albisuren begiradapean. Gogo biziz ekin zioten eta bi egunetan ikasi beharreko testua bazekizkitenez gorputz adierazpena landu zuten. Emaitza: koloreak gai nagusi zuen antzezlana. 4 ekitalditan banatuta, bi euskaraz eta bi gaztelaniaz, errespetua, elkartasuna, ezgaitasuna edota elkarlana moduko gaia taularatu zituzten aktore txikiek.