Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bi taldeak garaipenaren bila atera ziren Benicarloko kantxara. Etxekoek hartu zuten partiduaren agintea norgehiagokaren hasieran. Irurtzungoek, defentsan ongi ibili arren, ezin izan zuten eragotzi etxekoen lehenengo gola, Iscoren 1-0ekoa. Erasoarekin erantzun zuten sakandarrek eta Lukuianek gertu izan zuen berdinketaren gola, baina baloia zutoinera joan zitzaion. Hortik aurrera, lehen zatia amaitzeko falta zen denboran, Benicarlok berreskuratu zuen nagusitasuna, baina ez zen golak sartzeko gai izan.Hasiera gogorra eman zion MRAk bigarren zatiari: erasokor, behin eta berriz iritsi ziren etxekoen atera, baina ez zuten lortu berdinketaren gola. Partidua irekia zegoen, edozein taldek egin zezakeen aurrera, baina, saiatu arren, ez batak, ez besteak, ez zuen golak sartzen asmatzen. Norgehiagoka etxekoen alde amaituko zela ikusita, atezain-jokalaria jarri zuen Imanol Arregik, baina, ahaleginak ahalegin, Benicarloren defentsa gaindiezina zen. Azken minutuan, berriz ere, Iscok zapuztu zituen Irurtzungoen ametsak, 2-0ekoarekin.Partiduaren amaieran, bere mutilek "lan ona" egin zutela adierazi zuen Imanol Arregik "azken minutura are ez dute etsi". Bi taldeendako partida garrantzitsua zen ostiralekoa, baina, Irurtzungo entrenatzaileak oroitarazi zuenez, "jokalari garrantzitsuen bajak izan zituzten desabantaila".Murtziako El Pozo taldeak jarraitzen du lider postuan, 61 punturekin. MRA Navarra 11. postuan dago, 32 punturekin eta bost puntura ditu play offak. Azken sei partidutan garaipen bakar bat ez eskuratu ez ondoren, gero eta aukera gutxiago ditu hurrengo fasera pasatzeko, are gehiago, bajen eraginez, plantilla guztiarekin kontatzerik ez duela jakinda.Asteazkenean du hurrengo norgehiagoka, etxean, 47 punturekin 2. postuan dagoen Interviu taldearen aurka.