Carnicer irabazi beharrean dago MRA Navarra

Guaixe 2008ko apirilaren 17a

Hiru jardunaldi eskas gelditzen dira Ohorezko Mailako Liga despeditzeko. Jakina denez, liga despeditzerakoan sailkapenean aurrean dauden lehen zortzi taldeak play off-etarako sailkatzen dira. Hau da, lehen zortzi horien artean erabakiko da gero liga titulua, horretarako propio antolatzen den ligaxkan. Gainontzeko taldeendako, berriz, liga bukatutzat eman daiteke.Bada, Irurtzungo MRA Navarra Xota taldeak nahiko zaila dauka lehen zortzien artean sailkatzea. Egun, 27. jardunaldiaren ostean, El Pozo Murcia da sailkapeneko buru, 67 punturekin. MRA Navarra 11.a da, 33 punturekin. Play Off-etarako sailkatzeko Xotak hurrengo hiru partidak irabazi beharrean dago. Gauza oso konplikatua, baina ez ezinezkoa. Gainera, hiru partida horietatik lehenengo biak etxetik kanpo jokatuko dituzte irurtzundarrek, eta, azkena, etxean. Beraz, azken egunera arte, kantxa faktorea ere ez dute guztiz alde izango.Lehendabiziko arerioa Carnicer Fiat taldea da. Torrejongo taldea sailkapenean laugarrena da, 40 punturekin. Taldeen arteko aldea estua denez, Carnicer ere irabaztea aterako da, play off-ak ziurtatzeko. Hortaz, lehia oso konplikatua da Xotarendako, eta irurtzundarrek duten guztia ematera atera beharko dute. Partida larunbatean jokatuko da, Torrejonen. Hurrengo asteburuan play off-etara sartzeko borrokan lehian ari den Bartzelona taldea izanen du arerio MRA Navarrak, egun sailkapenean 36 punturekin 10.a den Bartzelona. Eta ligako azken partidan, MRAk etxean jokatuko du, Santiagoko Lobelleren kontra. Galiziarrak egun zortzigarrenak dira, 39 punturekin, eta play off-etarako sailkapeneko borroka gogorrean dabiltza.Beraz, helburu berberekin borrokan dauden hiru arerio gogor eta sendo izanen ditu aurkari Irurtzungo Xotak. Eta gainera, play off-etara sailkatzeko hirurak hartu behar ditu menpean. Onena partida bakoitzean zentratzea izanen da, lehia bakoitza azkena izango bailitzan. Imanol Arregi entrenatzailearen jokalariak mentalizatuta daude eta ea balentria lortzeko gai diren.