Aurrekontuetan hainbat diru-sail berri agertzen dira

Guaixe 2008ko apirilaren 17a

Sakanako Mankomunitatearekin batera Irurtzungo Udalak konpostajea landuko du. Aldi berean, ibarreko erakundeak prestatzen duenaren osagarri izanen den abiadura handiko trenaren inguruko informazio kanpaina garatuko du. Horiez guztiez gain, puntu berdearen erabilera sustatzeko kanpaina martxan jarriko du udalak. EmakumeaGenero arteko berdintasunaren esparruan, aurten lana eta familia bizitzaren arteko kontziliazioa jorratu nahi du udalak herriko erakundeekin eta horretarako 6.000 euro bideratu ditu. Bestalde, immigrazioa gaia ere landuko da 3.000 euroko diru sailaren bidez. Esaterako, martxan den Irurtzun Bizirik kulturartekotasun jardunaldiak. ErakundeakIrabazi asmorik gabeko erakundeendako laguntza. Sail horren barruan Asride-Larrakil eta Itxipuru erakundeak daude, eta udalak haien programa aurrera eramateko laguntza eman nahi die. Herriko bi erakunde horietaz gain, Irurtzungo Udalak laguntza eman dio Sartagudako Memoriaren Parkeari. Parkearen eraikuntzan laguntzeaz gain, Irurtzunen hitzaldi edo erakusketaren bat izanen da. Erakunde bakoitzak 1.400na euro jasoko ditu. Azkenik, aurrekontu parte-hartzaileak lantzen dituen taldeari 2.500 euroko diru laguntza eman dio Irurtzungo Udalak. Talde horrek Irurtzunen beharren diagnosi bat egin behar du, eta jasotzen diren neurri zehatz batzuk garatu ahal izateko 9.000 euroko saila dago aurrekontuetan.