Bihar kulturarteko jaia kiroldegian

Guaixe 2008ko apirilaren 18a

Larunbateko jaian ikuskizuna ziurtatuta dago. Kiroldegira biltzen direnak hainbat emanaldirekin gozatzeko aukera izanen dute: Atakondoa ikastetxe publikoko ikasleenak; Irurtzungo Abesbatzarena; Fran Idaretarena; Orritzena; dantzariena; txistulariena; erraldoi eta buruhandien konpartsarena; fanfarrearena; Revuelo dantza taldearena eta Bulgaria, Maroko eta Peruko dantza taldeenak. Kiroldegitik gertu, Atakondoa ikastetxean, argazki erakusketa batek "mundutik barrena Irurtzunera iritsitako kultur taldeak eta Irurtzundik mundura joanak diren pertsonak ezagutzeko aukera ere" eskaintzen du. Gaur 17:00etatik 19:00etara eta bihar, larunbata, 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 18:00etara izanen da ikusgai. HelburuakKulturarteko astea Atakondoa eskola publikoak, ikastetxeko guraso elkarteak, Itxipuru elkarteak eta Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek antolatu dute, hainbat erakunderen laguntzaz. Aste horren antolakuntzarekin Irurtzunen immigrazioak bizi izandako garapena ezagutarazi nahi dute eta, aldi berean, Irurtzunek gordetzen dituen aberastasun kulturalak ezagutu eta gozatzea nahi dute, elkar hobeto ezagutzearren. Kultur artekotasun astearen antolakuntzan lan egin duten erakundeendako "bai eskolak nola gizarteak berak Irurtzunen bizi den pertsona ororen integrazio erabatekoan lan egiten jarraitzea" garrantzitsua da "lan horrek elkarbizitzaren onean eragiten duelako". Astearen antolatzaileek horretan ere eredua eman nahi izan dute, eta antolatu dituzten ekintzetan "Irurtzunen bizi diren etorkin ezberdinen partehartze aktiboa, haien presentzia eta zuzeneko ahotsa, bilatu" dute eta irurtzundar berriak dira eta izan dira jarduera zenbaiten protagonistak. JarduerakJaiarekin astea despedituko bada ere, aurretik ere izan dira hainbat ekintza. Hala, aurreko bi larunbatetan Errumania eta Mexikoko sukaldaritza ezagutzeko tailerrak izan dira. Azken hori Irurtzunen bizitzen 3 urte daramatzan Victor Valencia Gutierrezek eman zuen. Oraindik ere, hilaren 26an, Senegalgo sukaldaritza ezagutzeko aukera izanen da. Tailerra Erga Larreak elkartean izanen da. Parte hartzen dutenek errezeta liburuxka jasotzeko aukera izanen du. Larunbat arratsaldean, kultur etxean, haur eta txikiek munduko hainbat jolasekin ederki pasatzeko aukera izan zuten. Makina bat jende bildu zen eta ederki pasa zuten Irurtzungo aisialdirako taldeak eta Itxipuruk antolatutako jolasekin. Bestalde, astelehenean Atakondoa ikastetxeko ikasleek Atikus teatro taldearen Uharte bat izanen naiz zuretzat antzezlanarekin gozatu egin zuten. Asteazkenean, bestalde, Immigrazioa eta harrera gizartea mahai ingurua izan zen kultur etxean. Hainbat irurtzundar berrik haien bizipenak azaldu zituzten.