Euskarazko zine emanaldia Irurtzunen

Guaixe 2008ko apirilaren 21a

Ostegunean, 20:00etan, Irurtzungo kultur etxean biltzen direnak 10 film labur ikusteko aukera izanen dute. Zuzendari arituen ondoan egile hasberrien lanak ikusteko aukera eskaintzen du zirkuituak. Formatuei dagokienez ere aldea bada. Ohiko narrazio haria duten filmekin batera bideo-sorkuntzan esperimentatzen dabilen Logela Multimedia taldearen lanarekin gozatzeko aukera izanen da Irurtzunen. Gainera, badira hiru lan ere, Topaguneak antolatzen duen Euskal Herriko Ikus-Entzunezkoen Rallyaren edizioetan saritutakoak izan direnak eta emanaldiaren akabera aldera ikusgai izanen direnak. Ordu bateko emanaldia da Aizpea Irurtzungo Euskara Elkarteak iragarri duena. Filmekin gozatzeko aukera izan eta gero, hitzaren txanda izanen da. Irurtzungo kultur etxera Asier Mendoza zuzendari zarauztarra etorriko da, pantailan ikusitako Momorro film laburraren zuzendaria. Ikusleek hari galderak egiteko aukera izanen dute, zinema munduaz apur bat gehiago jakiteko. Emanaldiaren berri gehiago nahi duenak Topagunearen web orrian sartzea besterik ez du.