Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Erronka zaila gainditzeko, MRA-k ezinbesteko zuen ongi jokatzea eta, larunbatean, Torrejonen, ez zuten horrelakorik egin. Carnicer Torrejon nagusi izan zen neurketa osoan. Intentsitate handiarekin jokatu zuten eta hasiera-hasieratik erakutsi zuten bere nagusitasuna. MRA Navarra, berriz, zailtasunarekin iristen zen arerioaren atera, arrisku handirik sortu gabe. Gauzak horrela, bi goleko aldearekin joan ziren murtziarrak atsedenaldira. Atsedenalditik bueltan, markagailuari buelta ematen saiatu ziren irurtzundarrak, baina Minhoca, MRA-ko jokalari ohiak, sakandarren esperantzak zapuztu zituen, etxekoen 3. golarekin. Irurtzungoek ahal zuten guztia egin zuten arerioen atea zulatzeko. Arregik atezain-jokalaria ere jarri zuen. Baina etxeko atezainak ezerezean utzi zituen eraso guztiak. Azkenean, 5-0 amaitu zen norgehiagoka. Imanol Arregiren mutilak primeran ibili ziren ligako lehen itzulian: hirugarren postuan amaitu zuten, 25 punturekin. Bigarren honetan, ordea, irudi kaskarra ematen ari dira. Larunbatekoarekin, 9 jardunaldi daramatzate garaipenik gabe. Ondorioz, 11. postuan daude orain, 33 punturekin. El Pozo de Murciak jarraitzen du lider, 68 punturekin. Playas de Castellon dago play off-erako txartela ematen duen azken postuan, 8.ean, 40 punturekin. Beraz, liga amaitzeko bi jardunaldi falta direla, MRA-k ezinezkoa du hura gainditzea. MRAko lehendakari Jose Antonio Arregik onartu du "taldeak azken aldian irudi txarra" eman duela. Bere hitzetan, "lesioek eta selekzioek indarrik gabe utzi dute taldea". Orain, emaitza txarren boladari amaiera eman eta liga garaipenekin despeditzea da geratzen zaien bakarra. Bartzelonan izanen du horretarako lehen aukera, datorren asteburuan. Kataluniako taldeak ez dio lana erraz jarriko, 39 punturekin, 9. postuan, play off-ean sartzeko borrokan dago eta.