Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Liga amaitzear dela, azken postutan dago Irurtzungo taldea. Zulotik atera eta mailari eusteko ezinbesteko zuen joan zen asteburuan irabaztea eta ez zuen huts egin. Jokoan zituen puntuen garrantzia gogoan, zentratuta atera zen kantxara Irurtzungo taldea. Zuzenbide izan zen markagailuan aurreratzen lehena, 0-2ra arte. Etxekoek berdintzea lortu bazuten ere, atsedenaldira joan aurretik, berriz ere, aurreratu egin ziren bisitariak. Bigarren zatian erasokor atera zen Xota, baina behin eta berriz, zutoiekin edo atezainarekin egiten zuten topo aurrelariek. Partidua amaitzear zela, 3na berdinduta zeuden bi taldeak. Baina, saiatzearen saiatzez, azkenean, merezi zuen emaitza lortu zuen Xotak: Azken minututan bi gol sartuta, 5-3 amaitu zen norgehiagoka.Puntuak batuta, gertuago du salbazioa Xotak. 14. postuan dago, 15.a den Liebana taldearekin 27 puntura berdinduta. Gernikak jarraitzen du lider, 64 punturekin.Bi jardunaldiren faltan, Xotak 3 puntura du salbazioa. Datorren asteburuan beste final bat izanen du, 32 punturekin 12.a den Santurtziren aurka. Ez da norgehiagoka erraza izango, bi taldeek maila baitute jokoan.