Borobila! Mundua bezala

Guaixe 2008ko apirilaren 21a

Azkena larunbatekoa izan zen. Erraldoi eta buruhandien konpartsak herrian barna egindako kalejirak herritarrak bildu eta frontoira eraman zituen, han kultur arteko jaia iragarria baitzegoen. Ikuskizuna erabatekoa izan zen. Kiroldegian jarritako eskenatokitik Atakondoa ikastetxe publikoko ikasleak, Irurtzungo Abesbatza, Fran Idareta, Orritz, dantzariak, txistulariak, erraldoi eta buruhandien konpartsa, fanfarrea, Revuelo dantza taldea eta Bulgaria, Maroko eta Peruko dantza taldeak pasa ziren. Nork berea erakutsi zuen, herriak berak sortutako ikuskizun aberatsa eskainiz eta herritarrek betetzen zuten kiroldegiaren aurrean. Emanaldia guztiek batera dantza eginez despeditu zen. Batzuk oholtza gainean, besteak aldamenean eta erraldoiak oholtza aurrean. Bestalde, larunbatean bertan itxi zituen ateak Atakondoa ikastetxean ikusgai zegoen erakusketak. Antolakuntzak jakitera eman duenez, jendetza pasa zen aste osoan zehar "mundutik barrena Irurtzunera iritsitako eta Irurtzundik mundura joanak diren pertsonak ezagutzeko"erakusketa ikustera.