Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzungo Iratxo mendi elkartea buru-belarri dabil Sakanako XIX. Ibilaldi Handiaren azken ukituak prestatzen. Bihar, apirilaren 26an abiatuko da ibilaldi ezagun, gogor eta entzutetsua, goizeko 6:00etan, Iratxo elkartetik. Aurtengo edizioaren xehetasun guztiak Peio Alzuetak, Ramon Dorronsorok eta Doris Vicentek eman zituzten.A eta B aukerak Ohikoa denez, mendizaleek bi aukera izanen dituzte: A aukera, Hiru Baselizak izenekoa (55.400 metro, 3.000 metroko desnibela), eta B aukera, Ibilaldi Handia izenekoa (46.000 m, 2.230 metroko desnibela). Ibilbide berbera egiten da bietan, baina bigarrenean parte hartzaileak ez dira Trinitatera igotzen. Hau da, hasieran, Izurdiaga eta Urritzolatik barna Txurregira igoko dira kirolariak. Euskal Herriko Erdigunea pasatuz Uharteko Atakara eta San Donato baselizara heldu eta Uharte Arakilera jaitsiko dira, San Migel santutegira heltzeko. Aralarretik barna Madotzera heldu eta Larrazpil eta Goldaratzera joango dira. B aukera hautatzen dutenek Irurtzungo bidea hartuko dute martxa bukatzeko, eta A aukerakoek Trinitate ermitara joko dute, hura igo eta gero Irurtzunera jaisteko. Antolakuntzatik gogoratu dute, nolanahi ere, nahi duenak ibilaldi erdia egin dezakeela, erretiratzeko aukera dagoela. "Inportanteena da bakoitzak ahal duena egitea" adierazi zuen Doris Vicentek.Bihar apuntatu daiteke Vicentek azaldu zuenez, 2006an 596 mendizale izan ziren, baina iaz eguraldi kaxkarra egin zuen. "Hala ere 520 partehartzaile izan ziren, eta horietatik 424k bukatu zuten. Horietatik 258k A aukera burutu zuten, eta 166k B aukera" zehaztu zuen, mendizaleak adin guztietakoak izaten direla eta Nafarroako kirolarien partehartzeak gora egin duela azalduz. Vicentek argi du ibilaldi luzeko martxek gora egin dutela, eta horren isla, aurten Asturias, Errioxa, Zaragoza eta Valladolideko pertsonak apuntatu izana. "Interneten dauden foroek eragin handia dute", dio. Gainera, bi urtean behin egiten den Tolosa-Tolosa martxa maiatzaren 18an izanen da eta askok Irurtzungoa entrenamendu moduan erabiliko dute. Eguraldi ona iragarri dute, eta jada, 700 mendizalek eman dute izena, orain arteko errekor guztiak apurtuz. Izena aurretik emateko epea despeditu da, baina norbait animatzen bada oraindik ere badu aukera: larunbatean bertan, goizeko 5:00etatik 6:00etara apuntatzeko aukera izanen da Iratxo elkartean bertan, 12 euro ordainduta.Ederra eta gogorra Ramon Dorronsorok azpimarratu zuen ibilbidea aurreko urteetakoa dela, "bere edertasun eta gogortasun guztiarekin". Izan ere Sakanako Ibilaldi Handia Euskal Herriko ibilaldi luzeko zirkuituan eta Nafarroako zirkuituan sartua dago, eta Nafarroan dekanoena da, luzeena izateaz gain. Gogortasun altuko mendi ibilbidea da. "Ibilbideak zirkulua egiten duenez, hasieran egiteko duzun guztia ikusten duzu, eta arratsaldean egin duzuna eta oraindik ere geratzen zaizuna" dio Dorronsorok, akaso zatirik gogorrenak Txurregi igotzea eta San Donatotik Uhartera jaitsi eta berehala San Migel igotzeko egiten den V hori direla gaineratuz. Eguraldi ona egiten badu, arropa gutxi janzteko eta bigarren zatirako zapatilak eramatea aholkatzen diete mendizaleei. Ibilbide guztia markatuta egonen da eta 6 hornidura gune izanen dira.10-11 ordu Sakanako Ibilaldi Handia egiteko 10-11 ordu behar izaten direla azaldu zuten antolatzaileek. "Hau mendi ibilaldi bat da, eta horregatik Irurtzungo helmugako azken kontrol gunea 14:30ean zabalduko dugu. Ezin dugu antolakuntza guztia hipotekatu ibilbidea korrika egiten duten gutxi batzuengatik" azpimarratzen dute. Bukaeran Surya Masaje Eskolak masaje sesioa eskainiko diete lehertuta iritsiko diren kirolariei. Dutxak eskoletan izanen dira.Euskal Herriko Erdigunean argazkia Partehartzaile guztiek diploma jasoko dute bukatzerakoan, eta guztien artean kirol materiala zozketatuko da. Baina aurten nobedadea izanen da. "San Donato ermitatik gertu, Olibesarioko saroian, Euskal Herriko erdigune geografikoa dago. Bertan dagoen monolitoan argazki pertsonalizatua aterako diegu partehartzaile guztiei, eta mendi martxa bukatzerakoan argazki errebelatua emanen diegu opari" azaldu zuen Alzuetak.Guztia ongi ateratzeko Iratxo elkarteko 50 kide eta kolaboratzaile kide ariko dira lanean larunbatean. Mendizaleek asko estimatzen dute egiten duten lana, urtero esaten baitute antolakuntza bikaina dela. "Bukaeran liburu bat dago, parte hartzaileek euren iritzia eman edo euren iradokizunak idazteko. Pozik gaude normalean balorazio onak jasotzen ditugulako" diote antolatzaileek. Horren isla, Iruñean berriki izandako ekitaldian Euskal Mendizale Federazioak Iratxo taldea saritu izana, Sakanako Ibilaldi Handian egindako antolakuntzagatik.