Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreikuspen guztiak motz utzita, 1.000 lagun baino gehiago bildu ziren larunbatean, goizeko 6:00etan, Irurtzunen. Guztiek ere helburu bera zuten: Beriain, Aralar eta Ergako gailurretan dauden hiru ermitak batzen dituen Sakanako Ibilaldi Handia egitea.Mendizale gehienek 55,3 kilometroko eta 3.000 metroko desnibela zuen ibilbide luzea egin zuten. Baina, Iratxo taldeak antolatuta, bazuten bide motzagoa egiteko aukera ere, azken igoera, Ergakoa alde batera utzita. 46 kilometro luze zen bigarren aukera hau eta 2.230 metroko desnibela zuen. Bero handia zela eta, azken orduan, mendizale batek baino gehiago egin aukera honen alde. Izan zen ibilaldia Uharten hasi zuenik ere.Kirolari gehienek 10-12 ordutan egin zuten ibilbide ez lehiakorra.Inoiz baino jende gehiago Ibilaldiaren edertasunak jendetza erakarri zuen Sakanara. "Bista zoragarriak dira ibilbide osoan zehar" zioten mendizaleek. Euskal Herriko ibilbide handien zirkuituan egoteak ere, Nafarroa eta Gipuzkoako kirolari andana ekarri zuen probara, baita Euskal Herriko beste probintziatakoak ere. Baina horiek ez ezik, Valladolid, Asturias, Kantabria eta Kataluniako mendizaleak ere etorri ziren. Gainera, antolatzaileek onartu zutenez, "aurten, lau urtetik behin egiten diren Hiru Handiak eta Tolosako ibilaldia eginen dira. Hura prestatu nahian asko etortzen dira gurera". Eta horri guztiari, eguraldi hona gehitu behar zaio.Horrek guztiak inoiz baino jende gehiago bildu zuen ibilbidean. Urruti geratu ziren aurreko urtetako parte hartze datuak: Ia-ia bikoiztu egin dira iazko 550 parte-hartzaileak.Antolatzaileak Mendizale horiei guztiei harrera egiteko, gogotik lan egin zuten Iratxo elkarteko kideek. 50 lagunek parte hartu zuten antolakuntza lanetan. Horniketa eta kontroleko 6 puntutan banatuta, salda, fruta eta, batez ere, ura banatu zuten. "2.000 litro inguru banatu ditugu" adierazi du Peio Altzuetak.Balorazio ona Iratxo elkarteko kideak pozik zeuden beraien deiak izan zuen erantzuna ikusita. "Argi dago Sakanako Ibilaldiak izena hartu duela" zioen Altzuetak. Arazorik aipatzekotan, "beroa izan da bakarra" gaineratu zuen: "Eguerditik aurrera egindako bero ikaragarriak indarrik gabe utzi zituen zenbait mendizale". Bakarren bat ospitalera eraman behar izan zuten, baina dagoeneko denak ongi daude.Datorren urtera arte, despeditu dute ibilaldia.