Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostiralean etxean jokatu zuen MRA Navarra Xotak Ohorezko Mailako ligako azken partida. Aurkari gogorra zuen Irurtzungo taldeak: play off-etara sailkatzeko aukerak zituen Santiagoko Lobelle. Hala ere, denboraldia despeditzeko eta zaleen babesa eskertzeko garaipena lortu nahi zuen Xotak eta gertu ibili zen. 0-4 galtzen zihoan Xota eta azken bost minututan hiru gol sartu zituzten. Irabazteko zorian izan ziren, baina azkenean markagailua ez zen gehiago mugitu eta 3-4 galdu zuten. Nolanahi ere arraza eta kasta itzela dutela demostratu zuten MRAkoek, partidari buelta emateko jarrera erakutsi baitzuten. Nahiz eta galdu, zaletuen aurrean harro despeditu zuten denboraldia. Lobellek play off-etarako sailkatzea lortu zuen.Imanol Arregi entrenatzailea jokalariek egindako lanarekin pozik azaldu zen. "Lehen plantillako sei jokalarirekin eta Xota Bko bi jokalarirekin atera gara lehiatzera eta ia irabazteko gai izan gara. Taldearen izpirituarekin geratzen naiz, goresteko modukoa baita. Soilik aire pixka bat falta izan zaigu" azaldu zuen. Bestalde, aurten lesioekin zorte oso txarra izan dutela gaineratu zuen. "Plantilla osoa ongi zegoenean lehen sei postutatik ez ginen jaitsi" gogoratu zuen. Eseverri kapitainak ere pena zuen zaleei garaipena ezin eskaini izanagatik.El Pozo Murcia izan da ohorezko mailako talde onena, 72 punturekin. MRA Navarra 11.a sailkatu da, 33 punturekin. Sailkatu diren lehen zortzi taldeek liga titulua erabakitzeko play off-ak jokatuko dituzte.Omenaldia Partida hasi baino lehen MRA Navarra Xotak taldeko hiru jokalari historiko omendu zituen: Alexandre, Dê eta Charly. Azken biek ezin izan zuten partida jokatu, lesionatuta baitaude, eta Alexandrek bi gol sartu zituen. Taldeak urte luze hauetan egindako lan guztia eskertu nahi izan zien hirurei zaleen aurrean, eta Irurtzungo armarria zuen koadro ederra jaso zuten opari. Hurrengo denboraldian ez dute Irurtzungo taldean jarraituko.