Iratxok XIX. Ibilaldi Handiaren balorazio oso positiboa egin du

Guaixe 2008ko maiatzaren 21a

Partaideen iritziak bilduta, gehien-gehienek oso ongi baloratu zuten ibilaldia eta antolakuntza. Proban barna sei kontrol gune izan ziren eta guztia aurrera eramateko Iratxoko 40 lagun inguru aritu ziren lanean. Mendizaleak goizeko 6:00etan atera ziren eta 16:00etatik 21:30etara bitartean heldu ziren. Bukaeran partaide guztiek Euskal Herriko Erdigunean, Andian, ateratako argazkia jaso zuten opari, ardo ekologikoa eta diplomaz gain, eta Surya Masaje Eskolak masajeak egin zizkien partaide guztiei.  Iratxok adierazi duenez, ekitaldiaren berri emateko kartelak, diptikoak eta beste banatu zituzten eta interneten ere iragarri zuten. Euren web orrian 7.500 bisita inguru izan zituzten; www.mendiak.net helbidean 2.500 bisita eta www.mendimartxak.creatuforo.com-en 4.000 bisita. Antolatzaileek gaineratu dutenez, aipatu ibilaldiak presentzia oso handia du komunikabideetan. Ildo honetan, Sakanako komunikabide Guaixe eta Beleixeren laguntza eskertu dute. "Sakanako partaidetza handitu egin da azkenaldian. Aurten 110 sakandar inguruk parte hartu dute. Zuen laguntza ezinbestekoa da Sakanako Ibilaldiak hartu duen izena eta indarra eusteko" adierazi zuten. . Antolatzaileen iritziz Sakanako Ibilaldi Handia erabat uztartua dago Euskal Herriko Mendi Luzeko Zirkuituan eta Nafarroako Zirkuitoan. "Partaideek ezagutzen dute eta aldi berean, oso modu onean baloratzen dute. Nafarroan probarik inportanteena da, Eta Euskal Herrian, inportanteenetarikoa" diote Iratxokoek.