Bi Aitzpen istripua izan zuten eskalatzaileak onik erreskatatu dituzte

Guaixe 2008ko ekainaren 17a

Erreskate lanak larunbat arratsaldean hasi ziren, 20:30ean, Bi Aitzpe inguruan zeuden pertsona batzuek SOS Nafarroara deitu zutenean, bi eskalatzaileek zailtasunak zituztela ohartuta. Berehala Nafarroako Larrialdien Agentziak erreskate lanak koordinatu zituen, Nafarroako Gobernuaren helikoptero baten laguntzarekin. Eskalatzaileak Liongo 20 urteko gazte bat eta Olorongo 30 urteko beste gazte bat dira. Ez zeuden zaurituta; horietako batek gailurrera heltzea lortu zuen baina bestea paretan zegoen, ez gora ez behera. Gaua heltzean erreskate lanak zaildu ziren, argi faltagatik helikopteroak ezin baitzuen lan egin. Nolanahi ere, Guardia Zibilaren erreskate taldeko kide bat gailurrean utzi zuen helikopteroak. Erreskate taldeko gainontzeko kideek erreskate lanetan jarraitu zuten, oinez, eta goizaldeko 2:05ean despeditu zituzten lanak, bi eskalatzaileekin autoak aparkatuta zituzten tokira heldu zirenean.