Irurtzun Herrien Arteko Pilota Torneoan aurrera

Guaixe 2008ko ekainaren 23a

Asteburuan Herrien Arteko Torneoko finalaurrekoen joaneko partidak jokatu ziren. Burlatan, Irurtzun eta Burlatako Askatasuna taldeen arteko lehia izan zen. Kimuen mailan, Askatasunako Larunbe eta Sarasak 18-2 hartu zituzten menpean Irurtzungo Zudaire eta Ustarroz. Senior mailan ere garaipena Askatasunarendako izan zen: Iraola eta Landilibarrek 22-19 irabazi zieten Lazkoz eta Diaz de Ulzurruni, partida lehiatuan. Baina Irurtzungo taldea ez zen kikildu eta jokoan zeuden beste bi lehiak irabazi zituen. Horrela, haurren mailan Irurtzungo Idoate eta Berazak 6-18 garaitu zituzten Burlatako Iribarren eta Mayans, eta gazteen mailan, Irurtzungo Ansotegi eta Galarzak 14-22 irabazi zituzten Tainta eta Etxamendi burlatarrak. Partidetan berdinketa izan zen, baina tantoen batuketa egin eta gero, Irurtzunendako izan zen finalaurreko joaneko jardunaldia, tantoak kontuan hartuz 60-61 irabazi baitzion Burlatari.Larunbatean, finalaurrekoen itzulerako partidak jokatuko dira Irurtzunen, goizeko 10:00etan, eta finaletara zein talde pasako den erabakiko da. Beste finalaurrekoen joaneko partidan, Uharte-Iruñea nagusitu zen Leitzaren aurrean.